Konposta egiteko kanpaina abian da
Herriko hainbat etxetan konposta eginez gero, 64 toma zabor gutxiago sortu, eta 9.000 euro baino gehiago aurreztuko lituzke Udalak.
Materia organikoa hondakinen gaikako bilketa hobetzeko giltzarria da, kontuan izanik hiri hondakinen %47 inguru osatzen duela, eta gaur egun gehiena beste hondakinekin nahastuta biltzen dela, zabortegian isurtzeko. Gaikako bilketaren datu orokorrei begiratzen badiegu, Zumaian %28 inguru biltzen da gaika; %72 beraz edukiontzi berdean jendeak nahastuta botatzen du. Horrek esan nahi du sortzen diren hondakin guztien 2/3 baino gehiago oraindik zabortegian isurtzen dela.
Zumaian, zabortegian isurtzen diren hondakinen %41 organikoa da (Novotec, 2009). Aipagarria da materia organikoa dela birtziklatzeko materialik errazena, konpostajearen bitartez, eta era horretara material hori alferrik galdu beharrean ongarri bihurtu daitekeela. Autokonpostajearekin norberak etxean egin dezake hori.
Autokonpostaje kanpaina honekin udalak 64 tonako hondakinen murrizketa izan lezake, 10 kamioikadaren baliokidea, eta horrekin 9.000€ inguru aurreztuko lituzke. Horrek hondakinen kudeaketa hobetuko luke, eta horregatik partehartzaileei %20ko beherapena egingo zaie zaborren tasan. Dirua aurrezteaz gain, herritarrek konposta egiten ikasiko dute, ongarri naturala, etxeko loreontzietan edo baratzean erabiltzeko.
Herria
- Zumaian 9.453 biztanle daude (2010/09/29), eta 4.328 etxebizitza (2010/10). Egitura urbanistikoaren aldetik, %95 inguru herri-gunean daude (Novotec, 2009)
- Herriak 3 auzo ditu landa eremuan (Oikia, Narrondo, eta Artadi). Etxeko konpostaje kanpaina 3 auzoetako etxeei eta herri-guneko familiabakarreko etxebizitzei zuzenduta dago, guztira 196 etxebizitza. Gehienak familia bakarrekoak edo unifamiliarrak dira, baina badira solairu etxebizitzak ere: Oikian adibidez 22 etxebizitza pixuak dira.
- Kontuan izanik Oikian ez dela materia organikoa gaika biltzen (5. edukiontziaren bitartez), egokia da konpostatzeko aukera herritar guztiei eskaintzea. Horregatik, solairuetan bizi direnek Konpostaje Komunitarioa egiteko aukera izango dute nahi izanez gero. Eta horretarako udaletxetik laguntza eskainiko zaie
- Bestalde, herrian baratza daukanak ere informazioa eska dezake udaletxean
- Konpostaje kanpaina osatzeko, konposta eskoletara eramango dugu.
Helburuak
1. Hondakin organikoak modu iraunkorragoan kudeatzearen garrantziaz kontzientziatzea herria.
2. kudeaketa hobetzea, eta horrekin herriak dirua aurreztea.
Gaur egun Zumaian konposta egiten duten herritarrekin, Udala laster jarriko da harremanetan.
Etxeko konpostatze Kanpainaren elementu nagusiak
Honakoak izango dira kanpainaren elementu nagusiak:
1. Komunikazio-kanpaina
2. Hobaria
3. Tailer teoriko-praktikoa
4. Jarraipena: etxeetara bisitak, telefono eta posta elektroniko bidezko arreta
Komunikazio-kanpaina
Kanpainaren berri emateko eskuorriak banatuko dira 196 etxe horietara. Esku-orria jasotzen ez duen edonork interesa izanez gero, udaletxean, ingurumen sailean informazioa eska dezake.
Hobaria
2010eko ordenantza fiskalean %10eko hobaria eskaini zen Aldundiaren autokonpostaje programan parte hartzeagatik. 2011akoan %20ko beherapena izango dute udalaren kanpainan izen ematen dutenek. Izan ere, autokonpostajeari esker etxe bakoitzeko hondakin organikoak %40 inguru murriztuko direnez, hondakin horiek garraiatu eta tratatu beharraren kostua aurreztuko du udalak.
Tailer teoriko-praktikoa
Saio teoriko-praktikoa izango da, urtarrilean: izen ematen dutenen arabera, euskaraz eta gaztelaniaz egiteko asmoa daukagu. Tailerraren egunean konposta egiteko beharrezkoa den materiala emango zaie parte hartzaileei.
Tailerrean hondakin organikoak etxean konpostatzeak dituen onurak nabarmenduko dira eta sistema edo egiteko modu desberdinak erakutsiko dira.
Jarraipena
Elementu nagusiak:
- telefono eta posta elektroniko-bidezko arreta, zalantzak argitzeko
- etxeetara bisitak: bisita hauen helburu nagusia partehartzaileen interesa mantentzea da. Konpost-kutxak banatu eta bi hilabetera izango da lehena. Konpost-kutxa eskuratu dutenei baina konpostajearekin jarraitu nahi ez dutenei kutxa itzultzeko eskatuko zaie.
Konposta Eskolara
Konposta eskolara eramanez, eskoletan bertan sortzen diren sukaldeko eta zelaietako hondakinak ikastetxeetan bertan tratatu daitezkeela ikasiko da. Helburu nagusia da hondakin organikoak nola murriztu eta birtziklatu daitezkeen irakastea.
Autokonpostajearekin Udalak aurreztuko duen dirua
196 etxebizitzaren hondakin organikoak edukiontzietatik kentzea lortuz gero, 64 tona gutxiago bildu eta garraiatu beharko litzateke urtean. Eta horrekin 9.000€ inguru aurreztuko luke udalak.
hondakinak murrizteko beste ekimen batzuk
Gaikako bilketaren inguruko informazio emango da Zumaia.net webgunean.
Udala bere aldetik ere ari da hondakinak murrizteko neurriak hartzen, eta bultzatzen. Hala nola, ondorengo neurriak hartu dira:
- erabilpen bakarreko edalontzi eta plateren erabilpena baztertzeko, udalak berrerabilgarriak erosiko ditu, eta konpromiosa lortzen saiatuko da herriko talde desberdinekin, edalontzi eta plater berrerabilgarriak bakarrik erabili ditzaten.
- udaletxeko kafe-makinatik plastikozko edalontziak kendu ditugu.
- Gaztegunerako eta Ludotekarako baso eta plater berrerabilgarriak erosiko dira, eta festetarako ere bai.



