Konpostaguneak jartzeko gune berriak sortzen ari dira

2012/11/16

Aste honetan egin dira bilerak, eta gune ezberdinetako herritarrek hartu dute parte bileretan

Aste honetan,  auzokonposta egiteko ekimenaren baitan bi bilera informatibo  egin dira proiektu hau aurrera daraman Konpostari enpresako teknikoek gidatuta. Bi bilera horietan, auzokonposta zer den, nola egiten den, eta ekimen horren filosofiaren inguruan hitz egiteaz gain, Zumaiako zein auzotan eta non jarri daitezkeen konpostaguneak ere aztertu zituzten. Konpostagailuak, interesa azaldu duten auzo edo inguruetan jarriko dira, beti ere taldetxo bat osatzen bada.

Hala, Oikian, dagoeneko taldetxo bat osatu da konposta egiteko, eta bilerara azaldutako oikiarrak taldea handitzeko, proiektua lagun zein ingurukoei azaltzekotan gelditu ziren, eta datorren astelehenean, hilak 19, berriro beste bilera bat egingo dute. Bilera, 19:30etan elkartean izango da, eta konpostagailua non kokatu, noiz eta nola egin aztertuko dituzte.

Brankan egin zen bilerara ere gune ezberdinetako auzotarrak agertu ziren. Hala Puntanuetako bizilagunez gain, Alai auzoko, Amaia plaza zein Parol bideko bizilagunak ere agertu ziren. Bilera honetan, astebete bat itxoitekotan gelditu ziren bigarren bilera egin aurretik,  jende gehiagok izena ematea nahi bazuen ere. Datorren astean-edo egingo dira bilerak, interesatuak dauden auzoetan (argitaratuko dugu deialdia). Udala, gune horietan konpost-guneak ezartzea aztertzen ari da.

Gogoratu, ekimen honetan Zumaiar orok har dezaketela parte, eta oraindik izena eman ez, baina auzo konposta egiteko prest dauden herritarrak oraindik ere aukera dute. Izena emateko zein zalantzak argitzeko proiektua daraman elkartearekin jarri behar da harremanetan. Horretarako, 616 226 050 telefonora deitu edo auzokonposta@gmail.com helbidera idatzi daiteke. auzkonposta.wordpress.com blogean ere aurki daiteke informazioa.

 % 20ko hobaria

Etxean zein auzolanean konposta egiteko sistemak abantailak besterik ez ditu: hondakinak murrizten ditu, zabortegietako eragin kaltegarriak saihesten laguntzen du, landare eta barazkientzat ongarria sartzen du, ingurumena errespetatu eta mesede egiten dio, eta dirua aurrezten du. Hori dena kontuan izanda, Zumaiako Udalak zaborraren tasan %20ko hobaria aplikatzen die konposta egiten duten herritarrei.