Kurtso hasiera, datu onekin

2012/10/10

Hasi da kurtso berria herriko kiroldegian ere. Behin ikastaroetako izen emate epea bukatuta, kirol patronatuko gerente eta teknikariak hainbat datu eman nahi izan dituzte jakitera.

 

Zumaiako kiroldegiak eman dio hasiera ikasturte berriari, eta Antxon Alberdi Kirol Patronatuko gerente berriak eta Fran Aizpuru teknikariak hasiera honen berri eman nahi izan dute prentsaurrean.  Hasteko, jakinarazi nahi izan dute urriaren 1etik aurrera Kirol Patronatuaren esku dagoela kiroldegiaren kudeaketa.

 

Irailean zehar aurtengo ikasturtean eskainiko diren ikastaroetan izena emateko epea zabalik izan da, eta guztira, 730 lagunek eman dute izena urritik gabonetara bitartean antolatutako ekintzetan parte hartzeko Alberdik zehaztu duenez, “iazko maila mantendu, edo pixka bat handitu ere egin da zenbait ikastarotan”.

 

Ikastaroen eskaintza zabala egin da, eta antolatutako ekintzen artean, azken urteotan eman izan diren ikastaroei zenbait berrikuntza ere gaineratu zaizkio. Hala, aurten, lehen aldiz, Zumba ikastaroa eskainiko da, eta ikastaro horretako maila eta adin ezberdinetarako 126 lagunek eman dute izena. Zumbaz gain, cycling, pilates, yoga, igeriketa, aerobik, dantza latinoak, judo eta beste hainbat ikastaro ere eskaintzen dira. Haur nahiz helduentzat.

 

 

Eskaintza zabalagoa

 

Bazkideen eta herriko beste zenbait eragileren nahiei erantzun asmoz, kiroldegiak ordutegia ere zabaldu du. Hala, orain 07:00etatik 22:00ak arte ordutegi jarraituan izaten da zabalik. Beraz, eguerdiko orduetan ere erabiltzeko moduan da orain kiroldegia.

 

 

Gero eta bazkide gehiago

 

Bazkidetzek ere gora egin du irailean zehar. Irailaren hasieratik urriaren 4ra bitartean, 172 bazkide gehiago baititu kiroldegiak. Orain, guztira, 3.311 bazkide ditu kiroldegiak. Bazkide masa nagusia, 22 eta 64 urte bitartean kokatzen da; adin tarte horretan 2.092 bazkide ditu kiroldegiak. Hala ere, adin tarte gazteagokoak ere aipagarriak  dira, 4 eta 21 urte bitarteko 1.064 bazkide baitaude (4-13ko 664 eta 14-21eko 400).

 

Aurrera begira

 

Aurten ikastaroan eskaintza zabaldu egin da, eta nahiz eta “gustura” izan izena eman duten kopuruarekin, aurrera begira, agian berriak ziren eta aurrera irten ez duten ikastaroak ezagutzeko master class edo antzeko zerbait egitea aurreikusten dute: “Sentsazioa dugu, agian, ezezagunak diren ikastaroetan izena ematera ez dela jendea animatu, eta jarduera berri horiek ezagutzera eman nahi ditugu ekimenen bidez”, azaldu du Alberdik.