Lan arriskuen prebentziorako mikroPREBEN programa jarri du abian Udal Elkarteak

2012/10/23

Udal Elkarteak programa honetan parte hartzera animatzen ditu Urola Kosta eskualdeko ostalaritza eta elikaduraren arloko merkatariak.

Urola Kostako Udal Elkarteak mikroPREBEN programaren 3. edizioa jarriko du martxan eskualdeko ostalaritza eta elikadura inguruko merkatariei zuzendua. Badakigu enpresa txikientzat ez dela batere erraza lan arriskuen legea zehatz-mehatz ezagutu eta betetzea.

Programa honen bidez, beharrezko tresnak eskura jarriko dizkizugu, prebentzio arloko eskakizunak betetzea errazteko.

Enpresak (enpresaburuaren edo izendatutako langile baten bidez) prebentzioa kudeatu eta beregain hartzeko laguntza emango dizugu, koste gehigarririk gabe (Ikus programa).

Programa horretan, batetik, prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskainiko da eta, bestetik, enpresa txikiei egokituta dokumentazioa garatzen lagunduko da, ulerterraza eta aplikagarria.

Gutxienez pertsona bat kontratatua duen enpresak 31/1995 Legea bete egin behar du. Prebentzioa antolatzeko, ordea, aukera ezberdinak daude, enpresa-jarduera, tamaina eta dituen giza eta material-baliabideen arabera:

 

- Prebentzioa enpresaburuak bere gain hartzea

- Langileen artean pertsona bat edo gehiago izendatzea

- Prebentzio zerbitzu bat kontratatzea

- Prebentzio zerbitzu mankomunatu baten parte izatea

 

Lan arriskuen prebentzioa sustatzeko helburuarekin, Urola Kostako Udal Elkarteak lagundu egin nahi dizue enpresa txikiei:

- prebentzioa kostu edo zama gehigarria ez dela ikus dezazuen

- legedia ezartzen duena ezagutu eta bete dezazuen

- lan arriskuak murriztu edo saihestu ditzazuen, lan baldintzak hobetzeko

Urola Kostako Udal Elkartearentzat lan arriskuen prebentzioa inbertsio errentagarria da, enpresaren produktibitatea eta pertsonen asetasuna eta segurtasuna areagotzen baititu. Horrenbestez, programa honetan parte hartzera animatzen ditugu Urola Kosta eskualdeko (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako) ostalaritza eta elikaduraren arloko merkatariak.

Programa hau PO FSE 2007-2013 VALORA egitasmoan kokatzen da eta %50 Europako Gizarte Funtsak (FSE) finantzatzen du.

Informazioa eta izen-ematea: 943 890808 edo enpresa@urolakosta.org