Lan-merkatuan sartzeko HAZILAN+ OSATU programako izen-ematea zabaldu du Urola Kostako Udal Elkarteak
Azaroaren 16an hasiko da HAZILAN+ OSATU programa. Lanbide Heziketako edo Unibertsitateko titulazioa duten eta laneratzeko edo beren ibilbide profesionalari bultzada bat eman nahi dioten pertsonek azaroaren 11ra arte izango dute izena emateko aukera.
Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN+ programa jarri du abian, kualifikazio-maila ertain-altua duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea errazteko.
Programa bereziki zuzenduta dago lan bila dabiltzan pertsonei, lehen lan-esperientzia lortu nahi duten gazteei eta beren ibilbide profesionala hobetu edo lan-aukera berriak aztertu nahi dituztenei. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da langabezian egotea, erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulazioa izatea eta Urola Kostako eskualdeko udalerriren batean erroldatuta egotea.
Prestakuntza, orientazioa eta praktikak uztartzen dituen ibilbidea
HAZILAN+ programaren barruan eskaintzen den OSATU ibilbideak prestakuntza, orientazio pertsonalizatua eta enpresetako praktikak uztartzen ditu, parte-hartzaileek lan-merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak garatu eta benetako lan-esperientzia eskuratu dezaten.
Prestakuntza azaroaren 16an hasi eta abenduaren 22ra arte egingo da. Ondoren, urtarriletik aurrera, parte-hartzaileek 200 orduko praktikaldia egingo dute eskualdeko enpresetan.
Programa hiru fasetan egituratzen da:
- Aktibatu (80 ordu): taldeko saio dinamikoen bidez gaur egungo enpresek gehien baloratzen dituzten zeharkako gaitasunak landuko dira: autoezagutza, komunikazioa, talde-lana, gatazken kudeaketa, erresilientzia, berdintasuna edo lidergoa, besteak beste. Saioak astelehenetik ostegunera izango dira, goizez.
- Orientazioa eta jarraipen pertsonalizatua (30 ordu): parte-hartzaile bakoitzak tutore baten laguntzarekin bere profil profesionala indartzeko eta laneratzeko estrategia pertsonalizatua garatuko du.
- Enpresetako praktikak (200 ordu): prestakuntza amaitu ondoren, parte-hartzaileek eskualdeko enpresetan benetako lan-ingurunean aritzeko aukera izango dute, esperientzia eskuratuz eta tokiko enpresa-sarearekin harremanak sortuz.
Izena emateko epea zabalik
Programa honetan parte hartu nahi dutenek azaroaren 11ra arte eman ahal izango dute izena Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez.
Programa hobeto ezagutzeko interesa duten parte-hartzaileek, bi informazio-saio ireki antolatu dira Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Ez da aurrez izena eman behar.
- Urriaren 16an (ostirala), 10:30ean
- Urriaren 22an (osteguna), 10:30ean
Informazio gehiago:
- Posta elektronikoa: lanpoltsa@urolakosta.eus
- Telefonoa: 943 89 08 08
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako programa
HAZILAN+ programa hiru lurraldetako 16 garapen-agentziaren bidez garatuko da, eta 1.400 pertsona baino gehiagok parte hartzea aurreikusten da. Programaren helburua da enpresek eskatzen dituzten gaitasunak indartzea eta parte-hartzaileei benetako lan-esperientzia eskaintzea. Urola Kostan, programa Europako Gizarte Funtsak (EGF+ 2021-2027) %40an kofinantzatzen du.
HAZILAN+ egitasmoa 2016 eta 2024 artean garatutako HAZILAN programaren jarraipena da. Aurreko edizioan, 2.100 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte, eta horietako askok laneratzeko edo beren ibilbide profesionala berrabiarazteko aukera izan zuten.



