Landa eremuko ekimen eta jarduera berritzaileak sustatzeko Urkome sarien VI. edizioa aurkeztu dute

2019/10/17

Sariketak sei atal izango ditu eta atal bakoitzean 2.000 euro banatuko dituzte. Urriaren 21etik azaroaren 21era bitartean aurkeztu daitezke lanak.

Urkome sarien VI. edizioa aurkeztu zuten asteartean Azkoitian. Aurkezpenean izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko zuzendaria, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Urkomeko ordezkaria, Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea eta Urkomeko ordezkaria eta Miguel Lozano Hazi Fundazioko teknikaria.

Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen nahiz jarduera berritzaileak sustatzeko eta ezagutarazteko ematen dira sariak. Zehazki, 2019 eta 2020 urteetan Urola Kostan garatzen ari diren edo amaituko diren proiektuak nahiz ideiak aurkeztu ahal izango dituzte sariketara lehiakideek. Erakundeek, elkarteek, norbanakoek eta sektoreko enpresek parte hartu ahalko dute bertan, eta urriaren 21etik azaroaren 21era arte izango da lanak aurkezteko epea, Urkomeren bulegoan. 

2.000 euroko sei sari

Sei atal desberdin izango ditu aurtengo sariketak. Aurtengoan, lehen aldiz, landa eremuko emakume ekintzaileak saria emango dute. Horretaz gain, honako sariak emango dira: nekazaritza jardueraren sustapena, landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena, landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea, landa eremuko balioaniztasuna agerian jartzea eta Iraurgi Berritzenek eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarrekin emango duten saria. Saria 2.000 eurokoa izango da atal bakoitzarentzat.

Gainera, partaidetza areagotzeko helburuarekin, boto bidez sari bat egongo da aurtengoan. Horretarako, proiektuak aurkeztean 300 karaktereko laburpena ere aurkeztu beharko da. Hala, azaroaren 29tik abenduaren 5era bitartean Urkomeren webgunean proiektuak bozkatzeko aukera edukiko dute herritarrek. Sariaren irabazleak eskualdeko produktu sorta eskuratuko du.

Sariketaren epaimahaia honako hauek osatuko dute: Eusko Jaurlaritza, Iraurgi Berritzen, Hazi Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Urola Kostako Udal Elkartea eta Urkomeko Zuzendaritza Batzordea.

Urkomeren webgunean argitaratuko dira sarituen izenak, eta sari banaketa Zarautzen, Urola Kostako Udalen Elkartean, izango da abenduaren 5ean. Proiektuak baloratzeko orduan ideia eta proiektu berritzaileak hartuko dituzte aintzat epaimahaiko kideek, baita biderragarritasun ekonomikoa landuta duten lanak, enplegua sustatzen dutenak, berdintasuna aurreikusten dutenak nahiz ideiak gazteenak izatea gehiago baloratuko dira, besteak beste.

Urkome Sariak VI. edizioa. INFORMAZIO-ORRIA