'Landareak, atsegin handiz' erakusketa gaur (astelehena) arratsaldean zabalduko dute

2011/08/08

'Belar txartzat' jotzen diren landareek onura eta erabilera ugari dituztela erakutsi nahi du gaur Zumaian irekiko duten erakusketa berriak, 'belar txar' horien desagarpena eragotzi asmoz. Villa Luzen zabalduko dute, eta hilaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Basa landareak zentzumenez gozatzen ikastea. Hori da gaur Villa Luzen (Julio Beobide 3) zabalduko duten erakusketaren helburua. Ustezko belar txarrak hain txarrak ez direla erakutsi nahi du eta ondo ezagutuz gero onura asko dituztela agerian utzi. Landareak ukitu, usaindu, dastatu eta sentitzeko proposamena egiten du, landare horiek benetan ezagutzeko.

Izan ere, nekazaritza intentsiboak eta egungo produkzio sistemak basoetako landare asko desagerrarazten ari direla ohartarazi nahi dute erakusketa honekin, eta landare horiek bertako ekosistema zaintzen lan handia egiten dutela-eta, behar bezala babesteko aldarrikatu.

Raices natur eskolak antolatu du erakusketa, Zumaiako Udalaren laguntzarekin. Gaur 19:00etan inauguratu ostean, egunero egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era, hilaren 28ra arte.