LANKIDETZA HITZARMENA SINATU DU UDALAK MARIA ETA JOSE IKASTETXEAREKIN

2017/06/23

Hitzarmen horren helburua da Zumaiako kirol eta kultur elkarte zein erakundeei ikastetxeko instalazio pribatuen erabilera ahalbidetzea eta akordio honen bitartez, Udalak erabilera horrek sortzen dituen gastuak arintzeko konpromisoa azaldu du. Udala kontentu azaldu da kirol eta kultur ekintzak aurrera eramateko espazio gehiago izatea onuragarria izango delako herri mailan.

Gaur eguerdian sinatu dute Marikruz Alvarez, Ogasuneko zinegotziak eta Isaak Aranberri, Maria eta Jose ikastetxeko zuzendariak Udalaren eta ikastetxearen arteko lankidetza hitzarmena. Akordio hori aitzindaria da Zumaian, inguruko herriek, Orio, Azpeitiak, Zarautzek edo Azkoitiak, esaterako, itunpeko ikastetxeekin akordioak sinatuta badituzte ere, Zumaian gaur arte ez delako horrelakorik sinatu. 

Akordioaren helburu nagusia da Zumaiako kirol eta kultur elkarte zein erakundeei ikastetxeko instalazio pribatuen erabilera ahalbidetzen jarraitzea. Izan ere, gaur arte, Udalak eta herritarrek oro har, instalazio horiek sarritan erabili badituzte ere, (eskola kirolak edo elkarte desberdinen beste hainbat ekintza edo ekitaldi), erabilera horrek gastuak dakartza eta orain arte ikastetxeak berak hartu ditu beti bere gain. “Maria eta Josek borondate onez laga digu beti guztioi ikastetxeko espazio pribatuen erabilera eta akordio honen bitartez, nolabait orain arte azaldutako prestutasun eta borondate hori aitortu nahi diogu eta etorkizunera begira espazio horien erabilera erregulatu”, azaldu dute Udaletik.

Hori betetze aldera, sinatutako akordioaren bitartez, ikastetxeko instalazio pribatuak erabiltzeagatik sortutako gastuak arintzeko konpromisoa hartu du Udalak.

“Oso kontentu gaude sinatutako hitzarmenarekin. Maria eta Jose ikastetxeak instalazio apartak ditu eta horiek erabiltzen jarraitu ahal izatea onuragarria izango da herri mailan. Azken finean, guztiok izango dugu espazio gehiago ekintza eta ekitaldi desberdinak egiteko, baina orain arte bezala jarraitzea ez zitzaigun zilegi iruditzen, herritarrok sortutako gastu bat ez bailuke ikastetxeak bere gain hartzen jarraitu behar”, azaldu dute Udaletik.

 

Hitzarmenaren nondik-norakoak

Sinatutako dokumentuak urtebeteko iraupena du eta bertan jasotakoaren arabera, Udalak ikastetxeko instalazioak erabili ahal izango ditu opor garaian eta eskola egutegiaren barruan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera (eskola ordutegiaz kanpo).

Ekintza horiek aurrera eramateak sortzen duen gastua kontuan hartuta, ikastetxeak Udalaren diru-ordaina jasoko du hori ordaintzeko. Hori 28.500€koa izango da eta bi zatitan banatuko da: lehena hitzarmena sinatzean eta bigarrena, aldiz, urte amaieran, Maria eta Joseko zuzendaritzak instalazioen erabileraren inguruko txostena eta faktura Udalari aurkezten dionean, hain zuzen.