Larretxoko igogailu proiektua aurkeztu du udal gobernuak

2018/10/30

Aipatu igogailuak San Telmo kalean gora eta behera geldiune bat izango du eta helburu du auzoko irisgarritasuna eta bertakoen mugikortasuna erraztu eta hobetzea. Igogailuaren proiektuaz haratago, Larretxoko gainerako irisgarritasun arazoei erantzuna emate aldera, auzoko azterketa sakona egingo du Udalak 2019an.

Zumaiako udal gobernuak lan ardatz gisa izan du legealdi hasieratik herriko irisgarritasuna erraztu eta hobetzea eta horri helduta ekimen eta proiektu ugari gauzatu eta abiarazi ditu, betiere, Zumaia, oinezkoentzako herri eroso eta atseginagoa bilakatzeko.

Ildo horretan, berriki hasi ditu San Jose auzoan igogailua eraikitzeko lanak. Behin amaitzean, Zumaiak 6 igogailu izango ditu: Jadarren, Ardantzabidean, Alondegian, Torreberrin eta azkena, San Jose auzoan.

Bide horri jarraiki, oraingoan, Larretxo auzoan jarri du udal gobernuak azpimarra. Izan ere, aipatu auzoak izaera aldapatsua du eta bertako hiri garapenari erreparatuz, gainera, etxebizitza gehiengoak 70eko hamarkadan eraikiak izanik, bizilagun asko jada adineko pertsonak dira, zeinak bereziki auzoan barrena edo gora eta behera mugitzeko irisgarritasun arazoak dituzten gaur egun.

Egoera horri erreparatuz, udal gobernuak, hauteskunde programan jasotakoari jarriki, Larretxon igogailua jartzeko proiektua garatu du eta hain zuzen proiektu horren xehetasunen berri eman zien bertako bizilagunei atzo Alondegian egindako bilera irekian.

Proiektuan jasotakoari jarraiki, aipatu igogailua San Telmo kalean kokatuko da, hain zuzen Hotel Flysch eta Haitz Gain-San Telmo II etxearen artean eta aipatu kalean gora eta behera geldiune bakarra egingo du.

Igogailuaren helburua da auzoko irisgarritasuna eta bertakoen mugikortasuna erraztu eta hobetzea, modu horretara, bertako bizilagunek urtetan zehar egindako eskariari erantzuna emanez.

Edonola ere, igogailuaren proiektuaz haratago, 2019an zehar auzoko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko azterketa sakona ere egingo duela adierazi du udal gobernuak.