Larunbata izango da aparkamenduaren erregulazio sistema indarrean egongo den azken eguna

2018/09/13

Igandetik aurrera egoiliar eta OTA guneak ez dira araututa egongo. Salbuespenak dira Ardantzabide auzoa eta errotazio altuko A eta C guneak. Datozen asteotan, Udalak erregulazio sistemaren bigarren fase honen azterketa eta balorazio sakona osatuko du datorren urteari begira sistema egokitzen eta hobetzen jarraitu ahal izateko.

Datorren larunbatean, hilak 15, amaitutzat emango dugu 2018ko uda denboraldia eta horrekin batera, baita Zumaiako aparkamenduaren erregulazio sistemaren bigarren fasea ere.

Bigarren txanpa honetan, erregulazioa herri osora zabaldu du Udalak, hau da, erdiguneaz haratago, Poligono eremua ere erregulatu du. Sistema hori indarrean egon da ekainaren 15etik aurrera, eta hiru hilabeteren ostean, larunbata, hilak 15 (hori barne) izango da sistema indarrean egongo den azken eguna, hau da, igandetik aurrera, herriko egoiliar guneak edota errotazio altu zein TAO eremuak ez dira indarrean egongo.

Dena den, erregulazio sistemaren bigarren fasea aurkeztean azaldu gisa, iaz bezala, salbuespenak egongo dira,  urte osoan zehar erregulatuta jarraituko duten guneak, alegia. Horiek dira:

-          Ardantzabide: auzoko egoiliar guneetan aparkatzeko ezinbestekoa izango da zona 1 edo 2ko bertakoen txartela izatea. Horrenbestez, 3, 4 eta 5eko egoiliar txarteldunek eta gainerako herritar zein kanpotarren ezingo dute auzoko egoiliar gunean aparkatu.

-          Errotazio altuko A gunea

  • A1: Moilaberriko zubitik Saregile plaza arte
  • A2: Amaia Plaza
  • A3: Anbulatorioa

Ordu muga, orain arte bezala, 90 minutukoa izango da. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat bertan aparkatzeak doakoa izaten jarraituko du. Gainerako ibilgailuek doan izango dituzte lehen 30 minutuak. Edozein kasutan, ezinbestekoa izango da orain arte bezala tiketa makinan inprimatzea.

Ordutegia: 08:00-20:00 (astelehenetik ostiralera) eta 08:00-13:00 larunbatetan. Ordutegitik kanpo aparkaleku libre bilakatuko dira, hau da, edonork aparkatu ahal izango du bertan, ordu mugarik gabe edota tiketa inprimatzeko beharrik gabe.

-          Errotazio altuko C gunea (udaletxe parean dagoen gunea): ez da tiketik inprimatu beharko eta aparkatzeko ordu-muga 20 minutukoa izango da.

  • Ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00-15:00 / Larunbatetan 08:00-12:30. Ordutik aurrera, librea izango da bertan aparkatzea.

Hausnarketa eta balorazioa egiteko garaia

Aurten aparkamendua erregulatu den bigarren urtea izan bada ere, 2018ko bigarren fase honetan erregulazioa Poligono eremura zabaldu du Udalak.

Bide horretan uda osoan zehar jarraipen zuzena egin dio Udalak sistemaren aplikazioari eta orain, iaz egin bezala, diagnosi eta azterketa sakona egingo du, akatsak identifikatu, zuzendu eta datorren urteari begira sistema egokitzen eta hobetzen jarraitzeko. Horretarako, noski, datuez gain, kontuan hartuko ditu uda sasoian zehar herritarrengandik jasotako iritzi, proposamen eta ekarpenak.

Bide horretan, gorarazi du, mugikortasuna@zumaia.eus helbide elektronikoa zabalik dagoela zumaiarrek bertara bidera ditzaten gaiarekin lotutako eskaera eta ekarpen guztiak, helburua baita, 2019ko udaldiari begira akatsak ez errepikatzea eta sistema herritarren beharrei egokitzea.