Larunbatean emango zaio hasiera Zumaiako Musika Jaialdiari
Abuztuaren 13a bitarte, musika klasikoa ardatz, dantza, zinea, ipuin kontalariak edota musika estilo ezberdinak uztartuko dituen emanaldiak eskainiko dira herritarren gozamenerako. Jaialdiarekin batera abuztuko ekintza egitaraua aurkeztu du Udalak: Gala Gaua, Euskal Jai eguna edota abuztuaren 15ean egingo den kaleko pintura lehiaketa, besteak beste.
Hemen dugu berriro, urtero bezala, Zumaiako Musika Jaialdia, herriko kaleak girotu eta alaitzeko prest. Aurtengoa jaialdiaren 33. edizioa izango da eta larunbatetik hasita abuztuaren 13a arte 13 ekitaldi desberdin eskainiko dira herritarren gozamenerako.
Musika Jaialdia uda sasoiko ikur bilakatu da, urteen poderioz udako agenda eta egitarauaren ekimen garrantzitsuenetarikoa bilakatu baita. Urtero bezala, nazioarte mailako musikari onenek parte hartuko dute eta musika klasikoa ardatz hartuta, dantza, zinea, ipuin kontalariak edota beste musika estiloetako doinuak uztartuko dituzte, emanaldi berezi eta apartak eskainiz. Datozen egunotan, beraz, Zumaiak kalitatezko musikarien doinu leun eta atseginez gozatzeko aukera eskainiko digu.
Ildo horretatik, Udalak eskerrak eman dizkie antolatzaileei egindako lan eta esfortzuagatik eta bide batez, herritar oro animatzen du jaialdiak eskaintzen duen musikaz eta giro ezin hobeaz gozatzera.
Abuztuan ekintza egitarau zabala aukeran
Musika jaialdiaz haratago, abuztuan herrian ospatu eta aurrera eramango diren ekintzen berri eman du Udalak gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Horien artean azpimarratu ditu Gala Gaua, abuztuaren 5ean, Euskal Jai Eguna abuztuaren 11n edota Koadrila Eguna, hilaren 19an.
Eta tartean, abuztuaren 15ean, alegia, kaleko pintura lehiaketa ere egingo da Zumaian. Lehiaketa irekia izango da, hau da, edonork parte hartu ahal izango du eta erabili beharreko pintura teknika eta gaia parte hartzaileen esku utziko da. Lehiaketaren oinarrizko baldintza lana kalean eta Zumaiako lur eremuaren barne egitea izango da eta lan onenek diru-saria ere jasoko dute.
Horrez gain, aurkeztutako lanekin erakusketa egingo da Oxford-en abuztuaren 16tik irailaren 3ra.
Ekintza egitarauaren inguruko informazio gehiago: www.zumaia.eus // Kultur Etxean edo Turismo bulegoan.




