Larunbatean mozorro lehiaketa eta argazki txokoa inauteriak ospatzeko

2018/02/07

Bi egun besterik ez dira gelditzen herria zein herritarrok inauterien festa giroan murgiltzeko. Ostiralean, hain zuzen, Zumaiako ikastetxeak izango dira inauteriei ongietorria emango dieten lehenak eta larunbatean mozorro eguna ospatuko dugu herrian. Horretarako noski, urteroko mozorro lehiaketa eta argazki txokoa antolatu ditu Udalak.

Mozorro lehiaketa Eusebio Gurrutxagan:

Lehiaketaren kasuan, bi berrikuntza nabarmendu ditu: lehenik eta behin, aurtengoa ez da soilik haurrei zuzendutakoa izango, gazte zein helduek ere parte hartzeko aukera izango dute. Halaber, desfile lehiaketa 18:00etan egingo da eta parte hartzaileek plazari itzuli bat emango diote. Izen ematea, plazan bertan egin ahal izango dute 17:00etatik aurrera.

Desfilea musikaz lagundutakoa izango da eta dantza egin nahi dutenek edota koreografia bat prestatu dutenek izango dute hori erakusteko aukera ere.

Edonola ere, Udalak adierazi du dantza hori ez dela erabakigarria izango sariak banatzeko orduan. Horretarako epaimahaiak kontuan izango ditu mozorroen originaltasuna, norberak egina izatea edota parte hartzaileen jarrera.

Sariak:

Edozein lehiaketan bezala, larunbateko desfilean ere sari ugari banatuko dira:

  • Haurrentzat 3 sari: banakako-bikoteko onena, 0-8 urteko taldekako onena, eta 9-16 urteko taldekako onena.
  • Gazte eta helduentzako bi sari: banakako-bikoteko onena (80€) eta taldekako onena (120€). 

Argazki txokoa edo Photocall-a:

Mozorro lehiaketaz gain, aurten ere argazki txokoa edo photocall-a jarriko da Alondegiako Oxford aretoan arratsaldeko 18:30etik 21:00etara bitartean, eta mozorroa soinean, zumaiar orok izango du parte hartu eta argazkia ateratzeko aukera.

Argazki horiek www.baleike.eus webgunera igo beharko dira eta jasotako botoen arabera, gazte eta helduen artean, Udalak ematen duen herritarren saria banatuko da: 80€ banaka/bikote onenarentzat eta 120€ talde onenarentzat.

Halaber, webgunean bozkatzen dutenen artean Bai Bidea jatetxeak emandako bi lagunentzako afaria ere zozketatuko da.