Larunbatean zabalduko da Olarro Eguneko batel estropadetan parte hartzeko izen-emate epea

2018/08/29

Interesdunek turismo bulegoan apuntatu ahal izango dute hilaren 12a arte eta 13an parte-hartzaileen artean zozkatuko dira estropada eguneko txanda eta batelak. Halaber, hala nahi dutenek irailaren 1etik 14a arte izango dute Udalak entrenamenduetarako jartzen duen batela erabiltzeko eta horretarako txanda ere turismo bulegoan eskatu beharko dute.

Datorren hilaren 15ean Olarro Eguna ospatuko da Zumaian eta antolatutako ekintzen artean, ohikoa den bezala, koadrila arteko batel estropada egingo da.
Ildo horretan, datorren larunbatean, hilak 1, zabalduko da kirol proba horretan izena emateko epea eta interesdunek turismo bulegoan apuntatu ahal izango dute hilaren 12a arte. Behin parte-hartzaileen zerrenda osatu ostean, hilaren 13an estropada txanda eta batela zozketatuko dira guztien artean. Zozketa hori turismo bulegoan bertan egingo da, arratsaldeko 19:30ean eta ezinbestekoa izango da gutxienez talde bakoitzeko ordezkari bat bertan egotea.
Halaber, bien bitartean, urtero Udalak estropaden entrenamenduetarako jartzen duen batela erabiltzeko aukera ere egongo da.  Horretarako, ostiraletik aurrera parte-hartzaileekturismo bulegoan eskatu ahal izango dute beren txanda eta erabiltzaileak, gehienez, 4 lagunez osatutako taldeak izango dira. Entrenamenduak irailaren 1etik 14era bitarte egin ahal izango dituzte. 

OINARRIAK:

  • Estropadak goizez bakarrik izango dira, 10:30etan hasi eta 13:30ak aldera arte. Arratsaldean ez da estropadarik izango.
  • Estropada eremua Itsas kiroldegitik irten eta Txomin Agirre kaiaraino joan-etorria izango da.
  • Parte-hartzaileen gutxieneko adina: 13 urte (aurten betetzen dituztenak). Kategoria bakarra izango da.
  • Talde bakoitza 4 pertsonak osatuko dute (batelean sartzen direnak), mutilak nahiz neskak.
  • Bandera irabazteko ezinbestekoa izango da 4tik 2 zumaiarrak izatea.
  • Talde bakoitzak arduradun bat izendatuko du eta haren telefono zenbakia eman beharko du, harremanetarako.
  • Antolakuntzak ez du bere gain hartuko parte-hartzaileek beren buruari edo beste hirugarren bati egin diezaieketen kalte edota lesioen erantzukizunik.
  • Ohiko banderaz gain, azken urteetan egin ohi den moduan, emakumeen partaidetza saritzeko beste bandera bat izango da.  Parte-hartzaileen artean bisita gidatu bat zozketatuko da. Kofradian emango da bandera.
  • Izen-ematea turismo bulegoan egingo da irailaren 1etik 12ra bitartean (barne), eta nahitaezkoa izango da izen-emateko orria betetzea. Behin izena emanez gero, parte hartzeko konpromisoa hartzen da.
  •  Lasuna batela entrenamenduetarako behar dutenek turismo bulegoan egin behar dute eskaera, izena eman ondoren. Entrenamenduan, txalupa eta arraunen ardura egokia ez duen taldeak, ezingo du estropadan parte hartu. Taldearen ardura izango da erabilera baldintzak zein diren jakitea.
  • Estropada egunean nahi duenak Itsas kiroldegiko aldagelak erabili ahal izango ditu. Zozketa egiteko bilera irailaren 13an (osteguna) 19:30ean izango da. Ezinbestekoa da talde  bakoitzetik arduradun bat bileran izatea.