Lasterketa irabazteko “lehia polita” aurreikusi dute Zumaiako II. Flysch Trailaren antolatzaileek

2010/07/01

Astelehenean aurkeztu zuten uztailaren 11n jokatuko den mendi lasterketaren bigarren edizioa eta aurtengo probak ere Aspanogi elkarteari laguntza eskainiko dio.

 

Uztailaren 11n jokatutako da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren bigarren edizioa. Zumaia eta Deba arteko itsaslabar ikusgarrietan diseinatutako 27 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan neurtuko dituzte indarrak korrikalariek. Joan den urteko esperientzia arrakastatsuaren bideari eusteko ahalegin berezia egin dute antolatzaileek, eta proba honek dituen lau helburu nagusietan sakontzea da aurtengo erronka.

Lasterketa irabazteko lehia polita espero dute antolatzaileek, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Izan ere, maila handiko korrikalariak izango dira aurtengo lasterketan ere. Lasterketaren antolakuntza taldeko kide Bosco Garitanok azaldu duenez, gizonezkoetan, joan den urteko lasterketan txapeldun izan zen Raul Garcia Castan Europako txapelduna izango da, baita Aitor Osa (bigarren Zegama-Aizkorri mendi maratoian), David Garcia (laugarren Espainiako Txapelketan), edota Eladio Lantada (Espainiako txapeldun ohia beteranoetan). Eta noski, horiekin batera Euskadiko Koparako lehiatzen ari diren korrikalariak, Flysch Traila aurten ere puntuagarria baita.

Emakumezkoen artean, Blanca Serrano Espainiako txapelduna izango da, ezbairik gabe, proba irabazteko faboritoa. Baina kontuan hartu beharko dira, besteak beste, Monica Aguilera (Sablesko maratoia irabazi duen lehen europarra), Oihana Kortazar (I. Flysch Trailaren irabazlea) eta Nerea Amilibia (bigarren Zegama-Aizkorrin).

Iazko parte-hartzaileen kopurua ere gaindituko dela espero dute antolatzaileek: 260 korrikalari izan ziren orduan. Eta iaz ez bezala, aurten 23 urte azpikoen maila ere jarri dute. Hauek 13 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Dagoeneko 190 lasterkari inguru daude izena emanda.

Ibilbidea

Ibilbideari dagokionez, irteeran egindako aldaketa txiki bat izan ezik, iazko berbera izango da. Alondegiako lanak direla eta, Erribera kalea estutu egin denez azken zatian, antolatzaileek erabaki dute aurrena goiko kaleetatik itzuli bat egitea Angeles Sorazu kaleko aldapatik igota, tropela pixka bat luzatzeko helburuarekin. Sub 23koen kasuan, nagusientzat diseinatutako ibilbidearen erdia egingo dute, Elorriaga auzoan berriro Zumaiarantz buelta eginez.

Herritarren parte-hartzea

"Zenbait herritarren ekimenez sortutako lasterketa da Zumaia Flysch Trail, eta, bide horretan, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea lasterketa hau aurrera atera ahal izateko", azaldu du Garitanok. Horrela, aurten 200 boluntariok egingo dute lan lasterketaren egunean dena behar bezala atera dadin. Horrelako boluntario talde bat ez da batere ohikoa eta antolatzaileek bereziki eskertu nahi diete lanerako erakusten duten prestutasuna.

Horrez gain, proba honek erakundeen eta enpresen babes sendoa du. "Aipatu behar da guztira 14 direla antolakuntzan parte hartzen duten erakundeak, tartean Zumaiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza; 38 direla enpresa babesleak; eta beste 26 laguntzaileak. Antolatzaileek azpimarratu nahi dute krisi garai hauetan Zumaiako enpresek egin duten ahalegina", adierazi dute antolatzaileek.

Aspanogi elkarteari laguntza

Lasterketa honen ideia sortu zen unetik bultzatzaileek garbi izan zuten helburu sozial bat ere izan behar zuela. Horrela, bildutako dirua Aspanovas elkarteari ematea erabaki zuten, minbizia duten haurrei laguntzeko. Iaz 6.000 euroko txekea jaso zuen elkarteak. Aurten biltzen den dirua Aspanogirentzat izango da, minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkartearentzat. Aspanogi elkarteko Txomin Arrutik esker oneko hitzak erabili zituen probaren aurkezpenean: "Zorionak eman behar dizkiogu Zumaiako herriari, erakutsi diguten laguntza oso interesgarria eta polita izan delako".

Pasaban, Txikon eta Izagirreri omenaldia

Aurtengo probak Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Izagirre mendizaleak omenduko ditu. Iaz Patxi Usobiaga eskalatzaileak jaso zuen omenaldia, eta aurten hiru mendizaleei egokitu zaie ohore hori. Zortzimila metrotik gorako hamalau mendiak igo dituen munduko bigarren emakumea da Edurne Pasaban, eta azken mendietan soka-lagun izan dituen Txikon eta Izagirre ere omendu nahi izan dituzte antolatzaileek. Proba hasi aurretik ohorezko aurreskua dantzatuko zaie, zinta moztu eta Keixetaren eskultura berezi bana jasoko dute. Txikon eta Izagirrek asteleheneko aurkezpenean eskerrak eman zizkieten hiruren izenean eurengan pentsatzeagatik eta esanahi handiko sari hau emateagatik.

Izen-ematea

Proban parte hartu nahi dutenek www.herrikrossa.com webgunean eman behar dute izena, uztailaren 5a baino lehen.


II. Zumaia Flysch Trail
Noiz: uztailaren 11n
Ordua: 10:00etan
Lekua: Zumaia
Distantzia: 27 km (sub-23, 13 km)
Markak: Gizonezkoetan, Raul Garcia Castan (1:54:31); emakumezkoetan, Oihana Kortazar (2:22:18)
Informazio gehiago:
www.zumaiaflyschtrail.com