Laukirol proba, sasoia euskaraz eginez irabazteko
Urola Kostako Udal Elkarteak –Zumaiako Udala ere elkarte horretako kide da- hirugarrenez antolatu du Laukirol proba. Ekainaren 6an izango da aurtengo edizioa, 10:00etatik 13:00etara, Zarauzko hondartzan eta malekoian (Desertu Txikiaren inguruan).
Ekimenak kirol munduan euskararen erabilera sustatzea lortu nahi du eta bi helburu zehatz ditu bere baitan: alde batetik, eskualdeko kirol elkarteei (guztira 35 elkarte) euskararen erabilera sustatzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi zaie, eta ildo beretik, elkarteek elkar ezagutu dezaten bultzatu nahi da. Bestetik, berriz, jai giroan eta kirola eginez euskara aldarrikatzea izango da ekimenaren oinarria.
Aurten hirugarrenez antolatu dute Laukirol proba. Aurreko bi ekitaldiak Zumaian ospatu ziren, eta aurten lehenengo aldiz egingo da Zarautzen. Laukirol proban, eskualdeko hainbat kirol elkarte lehiatuko dira elkarren kontra lau kirol hauetan: futbola, eskubaloia, boleibola eta saskibaloia.
Izena maiatzaren 29a baino lehen
Maiatzaren 29a baino lehen eman beharko da izena. 16 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute eta Zumaiako kasuan, Turismo Bulegoan egongo da proban apuntatzeko aukera. Zarautzen, Getarian eta Orion, berriz, herri bakoitzeko kiroldegian eman beharko da izena. Ekimenaren inguruko argibide gehiago aipatutako tokietara joanda eskuratu daiteke.



