Legealdi honetan egindako finantza-kudeaketa eraginkorrak, ekitaldia egoera ekonomiko onean ixtea ahalbidetu du

2019/05/15

Legealdian zehar zorra %51,29 murriztu da eta 2018 ekitaldian aurrezki garbia 2.156.067,81 eurokoa izan da, betebehar onartuak 13.300.594,38 eurokoak eta, ondorioz, aurrekontuaren exekuzio-maila %77,28koa izan da. Gerakinaren zati bat, Herri Eskolako Aita Mari eraikinaren kanpoaldean egingo diren lanetara, Basadiko saneamendua hobetzeko lanetara eta Oikiako Eskola berriaren inguruko urbanizazio lanetara bideratuko da.

Zumaiako Udaleko udal batzak legealdiko azken Osoko Bilkura egin du gaur 18:00etan pleno aretoan. Bertan, beste gai batzuen artean, 2018ko aurrekontuen likidazioaren berri eman da. Marikruz Alvarezen hitzetan, “legealdi honetan egindako finantza-kudeaketa eraginkorrak, ekitaldia egoera ekonomiko onean ixteko” aukera eman du.

Ogasun zinegotziak azaldu duenez, “legealdi honen hasieran izan zen aldaketa nabarmenetariko bat izan da, hain zuzen ere, finantza-kudeaketa eredu berri bat martxan jarri genuela”. Diru publikoak kudeatzea, zumaiar guztiona den diru bat kudeatzea, erantzukizun handia del a adierazi du Alvarezek eta “guk ahalegina egin dugu diru publiko hori ahalik eta era eraginkorrenean erabiltzeko” azaldu du. Zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez “hainbat neurri hartu ditugu, esaterako, argindarraren faktura jaistea lortu dugu, kontratua egokituta, edota kontratu txikietan ere 3 aurrekontu eskatzeko dinamika martxan jarrita, enpresen arteko lehiakortasuna sustatu eta prezioak jaistea lortu dugu eta kale garbiketa kontratuaren barruan lortu dugu hobekuntza bezala barredora bat sartzea eta udalak inbertsio hori ez egin behar izatea”.

Alvarezek adierazi du zorrotzak izan direla finantza kudeaketan, ardura handia delako, zumaiar guztiona den diru publikoa kudeatzea” eta zorroztasun horrek bere emaitzak eman ditu ogasun zinegotziaren iritziz. 

Legealdian zehar zorra %51,29 murriztu dela eta 2018 ekitaldian aurrezki garbia 2.156.067,81 eurokoa, hau da, %16,73, izan dela ere azaldu du Alvarezek eta likidazioak egonkortasun, iraunkortasun eta gastu arauak betetzen dituela ere azaldu du.

 “Betebehar onartuak 13.300.594,38 eurokoak izan dira eta, ondorioz, aurrekontuaren exekuzio-maila %77,28koa izan da” jarraitu du zinegotziak.

2018ko kontuen likidazioak 5.384.609,01 euroko aldeko diruzaintzako gerakina utzi dio Udalari, eta horietatik 819.650  euro ekarri ditu udal gobernuak gaurko Osoko Bilkurara. “Aurrekontuetan sartu ez ziren, baina urteko plangintzan aurreikusiak genituen zenbait proiektuetara bideratuko da gerakinaren zati bat” esan du Alvarezek. Ogasun zinegotziak ondoko proiektuak aipatu ditu:

  • Herri Eskolako Aita Mari eraikinaren kanpoaldean egingo diren lanak, hau da, estalpea eta patioan egingo diren hobekuntzak.
  • Basadiko saneamendua hobetzeko lanak, enpresa espezializatu batek egin beharrekoak.
  • Oikiako Eskola berriaren inguruko urbanizazio lanak.

“Gerakinak aukera emango dio Udalari dagoeneko landuak zeuden proiektu hauek aurrera eramateko” azaldu du.

Gaurko osoko bilkuran beste hainbat gai ere landu dira, besteak beste, Itzurungo hondartzako emakidaren baldintzak onartzea eta Mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek jasotako zaintzaren kalitatearen aldiko jarraipena egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatzeko hitzarmenaren hasierako onarpena.