Liburuak libre, euskaraz irakurtzeko

2009/12/03

Euskara Zerbitzuak 30 liburu askatu berri ditu herriko hainbat txokotan: kategietan, itxarongeletan... Herritarrek irakur ditzaten askatu dira liburuak eta ‘Liburulibre’ logotipoa edukiko dute. Liburuen zerrenda zumaia.net/liburulibre helbidean kontsultatu daiteke.

 

Liburulibre izeneko ekimenaren baitan, eta Euskararen Asteko ekimenekin bat eginez, Zumaiako Euskara Zerbitzuak euskarazko 30 liburu askatu berri ditu herriko hainbat txokotan: kafetegietan, itxarongela batzuetan... Duela bi urte jarri zen abian ekimena eta beste bultzada bat eman nahi izan zaio orain.

Euskararen Aholku Batzordean sortu zen ideia. Zumaiako Institutuan bookcrossing ekimena  martxan zegoen eta egokitu nahi izan zuten, euskarazko liburuekin.  Hala, 2007ko apirilean 30 liburu utzi ziren “aske” herriko hainbat lekutan, anbulatorioan, kiroldegian... Batzuek bidetxoa egin zuten eta beste batzuk etxeetan gordeta geratu direla dirudi, “lotuta”. Udaleko Euskara Zerbitzukoen hitzetan, “ea berriz ere askatu eta herrian libre ibiltzea lortzen dugun, 'Liburulibre' logotipoarekin identifikatutako liburuak zumaiar guztionak direlako”.

Aurten sistema "sinpleagoa"

Duela bi urte segimendua egiteko sistema bat ezarri zen Interneten; han idatzi behar zen liburua non eta noiz hartu zen, irakurri eta gero iritzia eman, non utzi den esan, etab. 2009an sinplifikatu egin da sistema, liburuan bertan idatz daitekeelako hori guztia, eskuz. Beste 30 liburu askatu dituzte, guztiak euskarazkoak. Aurtengo zerrenda eta 2007koa Interneteko helbide honetan ikus ditzakezue: www.zumaia.net/liburulibre

Horrelako aleren bat topatzen baduzue, hartu, irakurri, gozatu eta askatu berriz ere!