Lokal komertzialetan etxebizitzak egiteko ordenantza onartu da
Hainbat baldintza bete beharko dituzte lokal komertzial horiek etxebizitza bihurtu ahal izateko
Herriko hainbat lokal komertzial eta solairuarte etxebizitza bihurtzeko ordenantza onartu berri du Zumaiako Udalak, eta orain jende aurrean ikusgai dago. Ordenantza hori ikusi eta kontsultatu nahi duenak udaletxean izango du ikusgai datozen bi hilabeteetan.
Ordenantza horren bidez herrian erabilera komertzialik ez duten lokalei beste erabilera bat ematea ahalbidetu nahi da. “Gure helburua, eraikita dauden eraikuntzen erabilera optimizatzea da; lur gehiago urbanizatzen hasi aurretik, beste aukera batzuk landu nahi ditugu”, azaldu du andoni Etxaniz Hirigintza Zinegotziak.
Etxeak, zein lokal komertzialetan egin daitezkeen zehaztuta du Udalak, dagoeneko. Hala ere, gero ikusi egin behar da lokal horiek baldintza guztiak betetzen dituzten edo ez. Ezingo baita edozein lokal komertzial etxe bihurtu. Gutxienez , orain dela 10 urte eraikitakoa izan beharko du, eta azken 5 urteotan erabilera komertzialik ez du izan beharko, besteak beste.
“Lokal horiek etxe bihurtzean, ez dira etxe libreak izango, udal babesekoak baizik. Neurri horren bidez, lokal komertzialen inguruan espekulazioa sortzea ekidin nahi da”, azaldu du Etxanizek.



