Lorea Agirrek 'Hizkuntza eta kulturaren garraioa, bidegorriak' hitzaldia eskainiko du asteazkenean
'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloaren bigarren hitzaldia izango da Agirrerena. Pasa den astean, Josu Waliño izan zen hizlari puntuEus domeinuaz. Hitzaldiak 18:30etik aurrera Alondegiko Oxford aretoan dira.
Asteazkenean, martxoak 4, 18:30ean Oxford aretoan
Lorea Agirre: 'Hizkuntza eta kulturaren garraioa, bidegorriak'
Egoera minorizatuan dagoen hizkuntza eta kulturako bateko kide gara. Normalizazio bideak urratzen ari dena. Hori da dena. Horrek markatzen du abiapuntua erantzun bila joateko. Baina aurretik galderak egin behar dizkiogu geure buruari: Gu ere minorizatuta ote gaude horratio? Ba al gara nor? Baina nor gara? Euskal, vasco, basque? Zer esan nahi dugu euskara diogunean? Ze ari gara esaten euskaraz ari garenean? Zertarako halako tema hizkuntzarekin? Eta erdigunean jarriko bagenu, zer? Eta nor izan? Eta nor izateko pentsamendua eta praktika landuko bagenitu? Eta zergatik? Eta nola?
Waliñoren hitzaldiaren zertzeladak
Josu Waliño: 'PuntuEUS domeinua: abizen egokiaren garrantzia'
2007an hasitako ekimen baten ondorioz, 2014an lortu zen PuntuEUS domeinua izatea. Lehenengo mailako domeinua dela esanez hasi zuen Josu Waliño zumaiarrak pasa den astean Alondegia kultur etxean eman zuen hitzaldia. Horrek esan nahi du puntuCOM domeinu baten balio berbera duela, eta besteen mailan kokatzen gaituela.
PuntuEUSen beste bereizgarri bat da domeinu kulturala dela, ez dela geografikoa (PuntuFR Frantziarako den bezala, esate baterako). Hori horrela izanik, puntuEUS domeinua izateko bi baldintza bete behar dira: webguneko edukiren batek euskaraz izan behar du, edo, euskaraz ezer ez badago, euskarari edo euskal kulturari buruz aritu behar du, betiere modu inklusiboan ulertuta. Izan ere, asmoa ez da inor baztertzea eta norbaitek bere burua puntuEUS domeinuaren barruan kokatuta ikusten badu, ongietorria da beti.
Waliñok azaldu zuen, hala ere, fundazioaren zeregin nagusia ez dela domeinuak saltzea, domeinuak kudeatzea eta puntuEUS domeinuaren zabalkundea egitea baizik. Izan ere, puntuEUS ez da helburua bere horretan, tresna bat da, gure kultura munduan zabaltzeko tresna, hain zuzen ere.
Amaitzeko, behatokia sortuko dutela iragarri zuen Waliñok, izan ere, 3.000 domeinu saldu dituzte baina hori asko edo gutxi den jakiteko zenbait datu falta dira: zenbat jendek nabigatzen duen euskaraz interneten, zenbat webgune dauden euskaraz, zenbat puntuCOM, puntuNET dauden Euskal Herrian… Horrekin guztiarekin egoera errealaren argazki zehatza eduki ahal izateko.



