Lorezaintzan “egiteko modu berriak” bultzatzen ari da Udala

2009/11/03

Landaredia ahalik eta gehien errespetatuko duen lorezaintza politika bultzatzeari begira, Udala zenbait urrats egiten ari da. Aurki abiatuko dute zuhaitzen kimaketa, baina ohi baino beranduago egingo da aurten, landareen bizi-kalitatea hobetzeko asmotan.

 

Zumaiako Udala lan-molde berriak bultzatzen ari da lorezaintzako jardueran. Landaredia ahalik eta gehien errespetatuko duen lorezaintza politika bultzatzea da helburua, eta horretara bidean, hainbat urrats egiten ari da. Zuhaitzen kimaketa aurki abiatuko den arren, ohi baino beranduago egingo da aurten.

Kimaketa atzeratzeko hainbat dira Udalak mahai-gainean jarri dituen arrazoiak. Nagusiena landareen bizi-kalitatea hobetzea izan da. Izan ere, zuhaitzak kimatzeko garaia, izatez, negua dela gogorarazi dute Zerbitzuen Departamentutik, abendu bukaeratik martxo erdialderaino. Horrez gain, zuhaitzetan gelditzen diren hostoek, geroz eta motelago bada ere, zuhaitzen egurats aldaketarako lanean jarraitzen dute eta hauek biltzen duten izerdi landua zuhaitzen erreserba iturri izaten da. Ildo beretik, adarrak garaiz kanpo kimatzeak, zauriak egoki ez sendatzea dakar eta etorkizunea begira, zuhaitz egituren ahultze zein zahartzea.

Zuhaitzen zainketaren inguruan herritarrengandik jasotako kezka eta proposamenek eraman dute Udala orain arteko irizpideak aldatu eta errespetuzkoak eraikitzera.

 

Lorezaintza zerbitzuko aldaketak

 

Kimatzeko irizpideak, ordea, ez dira izan aldatu diren bakarrak lorezaintzan. Joan den ekainean esleitu zen kontratuan ere, ingurumena gehiago errespetatuko duen lorezaintza zerbitzua kontratatzea izan zen helburua. Horren ondorioz, aldatu egin dira metodoak, praktikak, produktuak eta hondakinak kudeatzeko prozedurak. Ongarri komikoen erabilpena, esaterako, murriztu egin da edota lurzoruaren kalitate fisiko eta kimikoa hobetzeko konposta gehitu da.

Horretaz aparte, kontutan hartu dira landareekiko izurriteak eta gaixotasunak kontrolatzeko irizpideak, baita ongarrien eta bioziden ontzientzako irizpideak ere, eta ibilgailu eta makinentzako irizpideak. Hori eta beste zenbait informazio, urteko txostenean jasoko ditu kontratatutako enpresak.

Egiteko moduak aldatzen ari da Zumaiako Udala lorezaintza arloan, eta ingurumena gehiago errespetatuko duen lorezaintza zerbitzua hobetzeari begira, urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa agertu dute udal ordezkariek.

Lorezaintzako kontratuan zehaztutako irizpideak hemen kontsultatu ditzakezu.