Mahai didaktikoa Itzurunen eta dunetatik bisita Santiago hondartzan
Larunbatean mahai didaktikoa jarriko du hondartza hezitzaileak Itzurunen, eta igandean bisita gidatua egingo du Santiago hondartzan.
Bizi garen ‘Plastiko Aroan’ arazo handia dugu sortzen dugun zaborrarekin. Hondakin horien zati handi bat itsasoraino doa, plastiko piezak biodegradagarriak ez direnez ez dira usteltzen, eta ozeanoetan pilatzen dira, benetako ‘zabor uharteak’ edo ‘plastiko sopak’ sortuz. Itsas-hondakin horiek ondorio kaltegarriak dituzte bertako bizidunengan, eta baita guregan ere, elikadura katean sartuz.
Bizkaiko Golkoan ere ba omen dira horrelako zabor irlak, eta tarteka gure kostalderaino hainbat hondakin mota ekartzen dituzte.
Larunbatean eguraldiak laguntzen badu, Hondartza Hezitzaileak Zumaiako hondartzetan jasotako hondakinen mahai didaktikoa jarriko du Itzurun hondartzako sarreran. Bertan, plastiko malkoak, gaztatxoak eta gure hondartzetan azkenaldian ezagun egiten ari diren ‘espezie berriak’ ikusteko aukera izango da.
Baina denak ez dira zaborrak, ur ertzean ondo begiratuz gero badaude oso interesgarriak diren bestelakoak ere. Gure itsasoan bizi diren izaki bizidunen arrasto asko iristen dira hondartzetara, marrazo eta manta-arraien arrautzak, esponjak, algak… Horiek modu naturalean usteldu edo beste bizidunentzako elikagai bihurtzen dira.
Mahai horien bitartez gure inguruan dauden bizidunak hobeto ezagutu, eta itsasoko zaborraren arazoaz jabetzeko aukera izango du hondartzara gerturatzen den orok.
Igandean bisita gidatua
Igandean, Santiago hondartzan bertako dunetatik bi bisita gidatu egingo ditu hondartza hezitzaileak; bisita bat euskaraz, eta bestea gazteleraz. Euskarazkoa goizez izango da 11:30ean Gurutze Gorriaren etxolatik hasiko da. Arratsaldean, 17:00etan hasiko da gaztelerazko bisita leku beretik.
Bisita horietan, azken mendean hondartza hori, dunak eta ingurune hori nola aldatu den azalduko du Mari Bernal hondartza hezitzaileak.
Horretaz gain, dunetan bizi diren fauna eta flora espezie bereziak zeintzuk diren ere azalduko du. Bisitaren bukaeran, parte hartu dutenek ez dute dudarik izango dunek ingurumenean duten garrantziaz.



