Maiatza eta ekainean ikastaro bat egingo da Zumaian pertsona helduei bizikletan ibiltzen irakasteko

2018/05/04

Zumaiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuarekin lankidetzan, bizikletan ibiltzen hasi eta ikasteko ikastarotxo bat antolatu du pertsona helduei zuzenduta, maiatzaren 26 eta 27an eta ekainaren 2 eta 3an. Interesdunek Lubaki kiroldegiak eman ahal izango dute izena maiatzaren 25a arte.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun Departamentua Zumaiko Udalarekin dabil elkarlanean bizikletan ibiltzen ikasteko pertsona helduentzako ikastarotxo bat egiteko udaberri honetan. Ikastaro horrek arrakasta nabarmena izan du joan den urteetan Errenterian eta Eibarren, eta Gipuzkoako beste hainbat herritan ere egingo da, Zumaia izanik horietako lehendabizikoa. Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Marisol Garmendia sozialistak, adierazi duenaren arabera,  "pertsona helduei bizikletan ibiltzen kasteaz haratago, helburua da haiek konbentzitzea bizikleta eguneroko garraiobidea dela eta eguneroko bizitzan pertsona guztiek erabil dezaketela, bide batez, gainera, euren bizi kalitatea eta osasuna hobetuz". 

Garmendiak gaur aurkeztu du ekimen hori Zumaian Oier Korta alkatearekin batera, eta nabarmendu du “adineko askok ezin izan dutela ikasi, edo urteak daramatzatela txirrindu batean ibili gabe. Horregatik pertsona horiek guztiak animatzen ditut ikastaroan parte hartzera, bizikletan erraz eta seguru ibiltzen ikasteko. Izan ere, ariketa osasuntsu eta iraunkorra da eta ingurumena hobetzen ere laguntzen du; pedalei eragitea ona da gure osasunarentzat, baita planetaren osasunarentzat ere”.

Bizikleta ikastaro hau, beraz, pertsona helduei zuzenduta dago. Lehen aldia da Zumaian horrela ikastaro bat antolatzen duela Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuarekin elkarlanean. Ildo horretan, herriko alkateak, Oier Kortak adierazi du Zumaiak apustu sendoa egin duela mugikortasun iraunkor zein osasungarriaren alde, "eta bizikleta da, hain zuzen, horretarako bitartekorik egokiena. Horrregatik azken bi urteotan, Bizikletaren Eguna ospatu dugu. Aurten ekainaren 9an ospatuko dugu berriro baina, ospakizunaren aurreko ekintza gisa, ikastarotxo hau antolatzea ideia ezinhobea iruditu zaigu. Horren bitartez gure helburua da, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuan, bizikletan ibiltzen ikastea eta are garrantzitsuagoa, etorkizunera begira, ikasitako hori erabiltzea”, Kortak adierazi duenez.

Aipatu ekimen hori Bizikletaren Plan Estrategikoko ekintzen baitan kokatzen da eta Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak babesten du. Kasu honetan, datorren maiatzaren 26 eta 27an eta ekainaren 2 eta 3an egingo da ikastaroa, doakoa izango da eta interesdunek maiatzaren 25a arte izango dute Lubaki kiroldegian izena emateko aukera.

Ikastaroa Zumaiako Herri Eskolan egingo da, ikastetxeko patioan eta euria eginez gero, frontoi estalian. Ikastaroa Gurpilartea elkarteak eskainiko du eta, bertan, bizikletan ibiltzen ikasteaz gain, garraiobide horren inguruko oinarrizko  irakaspenak jasoko dituzte, baita bide segurtasunerako eta zirkulazio zein bizikidetza arauetarako elementu eta gomendioak. Halaber, parte-hartzaileek bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ederra izango dute, EEEk (Energiaren Euskal Erakundeak) lagata.