MAITE ARRUTI, AINTZANE USANDIZAGA ETA NAIARA ZUBIMENDI dira Julene Azpeitia 31. ipuin lehiaketako saridunak

2018/11/22

Azaroaren hasieran bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño; Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen, botorik gabe. Aurten 43 lan aurkeztu dira, horietatik 5 zumaiarrek idatzitakoak.

Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak honako  hauek direla erabaki dute epaimahaia osatu duten idazleek:

1. saria,  3.000 eurokoa,  Maite Arruti Arakistainek eskuratu du BIZITZA TANTAKA ipuinari esker. Maitek lehenengo aldiz irabazi du lehiaketa hau. Epaimahaiaren iritziz lanik onena izan da, ume baten begiradatik kontatutako ipuin honetan elkarrizketak oso finak dira eta deskribapenak iradokitzaileak. Denboran atzera aurrera joko biribila egiten du eta ekarpenik handiena umearen begirada oso ondo lortua izatea du. Azken batean irakurlea asebetetzen duen ipuina dela erabaki du epaimahaiak.

2. saria, 1.500 eurokoa,  Aintzane Usandizaga Lopezek irabazi du BAZTERBIDEAK lanarekin. Ipuin hau, berria eta originala izateagatik saritu du epaimahaiak. Hari askotatik tira egiten du eta tonu korala du ipuinak, irakurlea eszenatokian kokatzen asmatzen du. Hutsunearen gaia jorratzeko modu kurioso eta ezberdina gustatu zaio epaimahaiari.

Zumaiako onenaren saria, berriz, Naiara Zubimendi Zubillagarentzat izan da ZANHARZT ipuinagatik. Ipuin honen egitura oso originala da eta epaimahaiaren iritziz, ipuin batena baino arnasa luzeagoa izan lezakeen kontakizun batekin ausartu da egilea. Estilo ariketa bat da eta interesez irakurtzen da.

Sari banaketa ekitaldia Euskararen Astearen barruan egingo da,  azaroaren 29an, ostegunean,  19:00etan, Alondegian. Uxue Alberdik eta Ines Osinagak “Alfonsina eta Itsasoa” poema errezitaldi musikatua eskainiko dute eta nahi duen guztia gonbidatuta dago bertan parte hartzera.