Marea biziak direla eta, badaezpadako neurriak hartzea gomendatzen du Zumaiako Udalak
Gaurtik ostiralera bitartean itsasgora bereziki altuak izango direla aurreikusita, Udalak gomendioak luzatu dizkie herritarrei neurriak hartzeko. Bereziki itsasgora momentuetan (arratsaldeko 17:00ak inguruan, eta goizeko 05:00ak bueltan) errio eta itsasbazter inguruko arriskuak kontuan hartu behar direla azpimarratu du.
Itsasgora oso altuak (historikoak) espero dira egunotan, ostiralera bitartean. Itsasoaren egoera eta euriaren iragarpena kontuan hartuta, litekeena da marea biziek eragin ditzaketen kalteak mugatuak izatea; hala ere, Udalak zuhurtziaz jokatzeko deia egin du. Bereziki gomendatzen du itsasgora orduetan errio inguruko eremuetan (arranpla eta Moila ingurua, Axular ibilbidea...) kotxeak aparkatzea saihestea, horiek ura ateratzen den ohiko lekuak izanik.
Udalak jada hartu ditu marea biziak direnean hartu ohi dituen neurriak. Sumideroak –euri-urak biltzen eta hoditeria sistemara bideratzen dituzten zuloak– itxiko dira urak kaleetara iristea ekiditeko, eta azken egunetan hodi sistema guztia errebisatu da, balizko arazoak saihesteko.
Urak gainezka egingo balu, udaltzaingoak beharrezko neurriak hartuko ditu, hala nola eremuak itxiz edo trafikoa desbideratuz, herritarren segurtasuna bermatzeko.