Maria eta Jose Ikastetxeak 'Eskola Iraunkorraren Ziurtagiria' jaso berri du
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eskualdeko lau ikastetxeri eman dio 'Eskola Iraunkorra Ziurtagiria'.
Astelehenean, abenduak 13, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Eskola Iraunkorraren Ziurtagiriak banatu zituen, eta Maria eta Jose Ikastetxeak jaso zuen ziurtagirietako bat. Maria eta Jose Ikastetxeaz gain, eskualdeko beste hiru ikastetxek ere jaso dute agiria.
Ekitaldira Maria eta Jose Ikastetxeko arduradun eta ikasleez gain, Zumaiako Udaleko Alkate den Iñaki Agirrezabalaga ere joan zen.
2010-2011 ikasturtea ez da, Getaria, Orio, Zestoa, Zarautz eta Zumaia herriek Eskola Agenda 21 proiektuarekin bat lanean diharduten lehenengo urtea, ezta gutxiago ere. Hala, zarauztarrentzat bederatzigarren urtea den bitartean, gainontzeko herrientzat seigarrena da. Helburu orokorra herri bakoitzaren, eta oro har, eskualdearen diagnostikoa burutzea izanda, aurten, Biodibertsitatearen gaia jorratzen ari dira bereziki.
Eskola Agenda 21ean, bost herrietako ikasle guztiak parte hartzen ari dira, betiere eskualdearen ikuspegia indartzeko elkarlana bultzatuz. Hala, haur hezkuntzatik eta batxilergo edo heziketa ziklora bitarteko ikasleei egokituriko material ezberdinak erabiltzen dituzte. Hauek, tokian tokiko berezitasunak barneratuko dituzte, herri bakoitzaren ezaugarriak ezberdinak baitira.
Burutuko duten lanaren bitartez, biodibertsitate-maila ezberdinak, haien garrantzia, egoera, arriskuak, eraginak, eta abar luzea ezagutzeaz gain, inguruan dauzkaten gune babestuen berri ere badute. Behin alor horiek guztiak aztertuta, herriaren egoera hobetzeko proposamenak bideratuko dituzte, eta apirila aldera herri bakoitzean burutuko diren udalbatzarretan plazaratuko dituzte.
Proiektua garatu ahal izateko, hezkuntza-komunitatea eta udalen arteko harremana ezinbestekoa da. Horregatik, komunikazio hori indartuko duen hainbat bilera burutu dira, dagoeneko.
Beraz, abenduko honetan, Getaria, Orio, Zestoa, Zarautz eta Zumaiako ikasleak lan isilean dabiltza eta emaitzak udaberrian loratuko dira.



