Marianton parkeko obra lizitatu du Udalak

2026/04/01

1.059.643 euroko aurrekontua izango dute lanek, BEZa barne. Haurren Kontseiluak diseinatutako proiektua gauzatuko da Marianton parkean, eta haren ingurua berrurbanizatuko du. Victoriano Arrate etorbidearen jarraipena izango da oinezkoen bide nagusia.

Marianton parkea berritzeko obra lizitaziora atera du dagoeneko Zumaiako Udalak. Prozedura ireki erraztu bidez lizitatuko da parkea, BEZa barne, 1.059.643 euroko aurrekontuarekin, eta zortzi hilabeteko exekuzio epea izango du.  

Erabilera anitzak uztartuko dituen espazio naturala izango da Marianton. Jolaserako eremu desberdinak izango ditu, estalpe bat ere bai, eta adin tarte guztietako herritarrek erabiltzeko moduko egonleku eta bilgune espazioak antolatuko dira haren bitartez.

Parkea sortzeaz gain, haren ingurua berrurbanizatu nahi du Udalak. Natura, ingurumena, herritarren nahiak eta erabilerak uztartu nahi ditu proiektuak, eta mugikortasun jasangarriari ere bide eman nahi dio. Alai, Aita Mari eta Estazio auzoak lotuko dituen bidegorria ere eraikiko da parkearen barruan. Victoriano Arrate etorbidearen jarraipena izango da oinezkoen bide nagusia, eta bide hori ardatz hartuta antolatuko dira oinezkoen ibilbideak parkearen eremu desberdinetara.

Kokapen estrategikoa du Marianton parkeak, eta gainera, Gernika parkearekin batera, espazio zabala duen herriguneko eremu berde bakarrenetakoa da, espazio lasai eta atsegina. Espazioan dauden zuhaitzak mantendu egingo dira ahal den heinean, eta uraren zikloa errespetatzeko, eremu iragazgarriak ere izango ditu. Elementu naturalak lehenetsiko dira, gainera, eraikiko diren jolas guneetan eta bestelako egonlekuetan.

Haurrek hala erabakita

Haurrak izango dira parkea gehien erabiliko dutenak, eta hori aintzat hartu nahi izan du Udalak proiektuaren diseinuan. Hain zuzen, Haurren Kontseiluarekin landu du Udalak eremuaren antolaketa proposamena, beren beharretara egokitzen den jolas eremu natural berri bat sortzeko. Jolas eta gune konkretuak diseinatu ondoren, KimuBat enpresari esleitu zion Udalak proiektuaren idazketa.

Haurrei zuzenduriko jolas eremu desberdinek osatuko dute, batik bat, parkea, baina erabilera anitzak partekatzeko espazio publikoa ere izango da: oinezkoentzako eta bizikletentzako bideekin, gaztetxoentzako eremuekin, egonlekuekin, adin tarte guztien erabilera bilatu nahi du. Besteak beste, ondorengo guneak izango ditu Marianton parkeak: jolas naturalen eremua, piknik mahaiak, belardia, euri lorategia eta parke estalia.

marianton1.png

Gainerako haur parkeak ere bai

Marianton parkekoa da haur parkeetan egingo den inbertsio handiena, baina gainerako haur parkeak berritzeko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak. Dagoeneko hasi da lan horretan: Basadi parkeko lurra berrituta zabaldu da aste honetan bertan, eta datozen hiruzpalau urteetan herriko parke guztiak eraberrituko ditu Udalak.

> Hemen topa daiteke lizitazioaren inguruko informazioa.