Markel Olano Diputatu Nagusia Zumaian izan da
Eneko Goia Azpiegitura Foru Diputatuarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka nagusiak azaldu zituen eta herritarren galderei erantzun zieten.
Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusia Zumaian izan zen atzo herritarrekin etorkizunera begirako “arazoak eta erronkak konpartitzeko”. Aita Mari aretoan egin zuten ekitaldian, 50 bat herritar bildu ziren Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian izeneko ekimenera.
Aldundia herrietan eta eskualdeetan egiten ari den kudeaketa azaltzeaz gain, "Foru Aldundia herritarrengana gehiago hurbiltzea" da Foru Aldundia Zure Herrian ekimenaren helburu nagusia, eta horri jarraiki, herritarrek euren galdera, ekarpen edota kritikak egiteko abagunea izan zuten atzoko ekitaldian. Herritarrekin batera, ekitaldian izan ziren Iñaki Agirrezabalaga alkatea eta Andoni Etxaniz alkateordea.
Kazetariekin aurrez izandako elkarrizketan Diputatu Nagusiak aipatu zuen, behin bariantea eginda dagoela, momentu honetan ez dutela proiektu aipagarririk Zumaian, baina herriko hainbat baliabideren kudeaketa bultzatzeko Aldundiaren babesa izango duela udalerriak; hala nola, biotopoa, bidegorrien sarea, Kudeatuz programa…
Zazpi ardatz aurrera begira
Horrekin batera, aurrera begira Aldundiak dituen ardatz eta erronka nagusienak azaldu zituzten Olanok eta Goiak, zazpi ardatz zerrendatu zituzten: Mugikortasuna eta komunikazio azpiegiturak; lurralde ezberdinen arteko oreka; ingurumenaren zainketa; nortasuna sakontzea; bizikidetza eta elkartasuna; garapena eta lehiakortasuna; eta bakea eta normalizazio politikoa.
Herritarrek proposatu zituzten galderen artean zeuden politikan gertatu izan diren ustelkeria kasuak, zaborren kudeaketa, gazteak eta egungo joerak, eta herritarren parte-hartzerako bideak, besteak beste.



