Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia Zumaian izango da asteazkenean

2010/04/23

Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Foru Aldundia Zure Herrian’ izeneko ekimena egingo du Aita Mariko aretoan. Diputatu Nagusiak zuzenean jaso eta entzungo ditu herritarren ekarpenak eta kritikak.

 

Datorren asteazkenean, hilak 28, Foru Aldundia Zure Herrian izeneko ekimena Zumaian izango da. Aldunditik jakinarazi dutenez, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia 200 herritar ingururekin eta hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariekin elkartuko da “etorkizunera begirako arazoak eta erronkak partekatzeko”. Diputatu Nagusiarekin batera, Eneko Goia, Azpiegitura Foru Diputatuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak ere parte hartuko du ekitaldian.

Egitasmoaren helburu nagusia da “Gipuzkoaren errealitatea ezagutzera eman eta Aldundia herrietan eta eskualdeetan egiten ari den kudeaketa azaltzea”. Bide horretan, Diputatu Nagusiak zuzenean entzungo ditu partaideen ekarpenak eta kritikak eta haien galderak erantzungo ditu.

Jakitera eman dutenez, ekitaldia irekia izango da eta bertara joan nahi dutenek 943 112290 telefonora deitu edota kabinetea@gipuzkoa.net helbidera idatzi beharko dute.

Aita Mari zinemaren aretoan izango da saioa eta 19:00etan hasiko da.