Martxan da Zumaiako XXX. argazki lehiaketa

2018/04/04

Aurten ere elkarteko argazkilari eta kide izan zen Joxe Juan Azkueren oroimenez antolatu da aipatu lehiaketa. Berrikuntza gisa lehiaketak formatu digitala izango du eta interesdunek maiatzaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte proposamenak internet bidez, Distira elkartearen webgunean.

Urtero bezala Zumaiako Distira elkarteak eta Zumaiako Udalak argazki lehiaketa antolatu dute elkarlanean. Aurten lehiaketaren XXX. edizioa izango da eta azken bi urteotan bezala, elkarteko argazkilari eta kide izan zen Joxe Juan Azkueren oroimenez egingo da.

Aurtengo lehiaketak, ordea, badu berrikuntza nabarmen bat, formatu digitala, hain zuzen. Horri jarraiki, parte hartzaileek internet bidez eman beharko dute izena eta proposamenak ere, euskarri beretik aurkeztuko dira, www.distiraargazkielkartea.com/lehiaketak webgunean.

Lehiaketa irekia da eta gai ardatz gisa emakumea izango du. Parte hartzeko interesdunek 10€ ordaindu beharko dituzte Paypal plataformaren bitartez eta gehienez 3 argazki aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako epe muga maiatzaren 30a izango da. Ohikoa den bezala, lan guztiak txuri beltzean aurkeztu beharko dira, esan bezala, elkarteko webgunearen bitartez.

Irabazleak epaimahai bidez erabakiko dira eta uztailaren 20an emango dira jakitera.

Sariak:

  1. 500€ eta garaikurra
  2. 300€
  3. 200€
  4. Zumaiako onenari saria: 250€

Horrez gain, Euskal Herriko lehen hiru sailkatuak Argizaiola lehiaketaren finalerako sailkatuko dira.  

Halaber, urtero bezala, jasotzen diren argazki onenekin erakusketa egingo da Alondegian uztailaren 27tik abuztuaren 12ra eta horretarako hautatutako lanekin katalogo bat ere egingo da. Azken hori eskuragarri jarriko da udal webgunean eta Distira elkarteko webgunean.

Oinarriak HEMEN