Martxan daude San Jose kaleko, Jadarre auzoko eta Ardantzabideko igogailuak

2020/05/18

Zumaiako Udalak herriko hainbat igogailu martxan jarri ditu: San Jose kalekoa, Jadarrekoa eta Ardantzabidekoa. Herritarrek hainbat arau bete beharko dituzte igogailua erabiltzeko: bakarka erabili beharko dute igogailua, maskara jantzita eta eskuak xaboiarekin garbituta.

COVID-19a dela eta, beste hainbat neurriren artean, igogailuak itxi zituen Udalak martxoaren erdialdean. Arintze neurrien baitan, herriko hainbat igogailuak martxan jarri dituzte dagoeneko, irisgarritasuna bermatzeko. Zehazki, honakoak dira martxan dauden igogailuak: Beheko Plaza eta San Jose lotzen dituena, Jadarre auzokoa eta Ardantzabidekoa. Alondegiko igogailua, Mari kalera igotzeko balio duena, itxita egongo da oraingoz.

Igogailuak erabiltzean, erabiltzaileek hainbat arau bete beharko dituzte:

  • Igogailua erabili aurretik, eskuak garbitu beharko dira, igogailuaren kanpoan dagoen xaboiarekin
  • Maskara jantzita soilik erabili daiteke igogailua
  • Arau orokor gisa, igogailua bakarrik erabili ahal izango da. Dena den, bizikideek eta zaintzaileek batera erabili ahal izango dute igogailua