Martxan dira Zumaiako hilerriko lehen kolunbarioa eraikitzeko lanak

2018/10/29

Bertan 192 horma hobi jarriko dira hilotzen errautsak jaso ahal izateko.

Joeraz, gaur egun hilotzak errausteko gero eta joera handiagoa dago eta horri erreparatuz, errauts horiek gordetzeko gune bat eskaini nahi izan die Udalak herritarrei.

Horretarako hain zuzen, udal hilerrian Zumaiako lehen kolunbarioa eraikitzeko lanei ekin die Udalak.

Horretarako, lehen urrats gisa, maiatzean, kolunbarioa kokatuko den gunean aspaldidanik lurperatuta zeuden 8 haurren gorputzak atera zituen Udalak lurpetik, horretarako, noski, aldez aurretik familien baimena jasota.

Behin lan horiek eginda, kolunbarioa eraikitzeko lanak martxan jarri ditu Udalak; hain zuzen errautsak gordetzeko 192 horma hobi eraikiko ditu bertan.

Bide horretan, datorren azaroaren 1eko Santu Guztien Egunerako lanak amaitzeke egongo diren arren, hilabetean zehar bukatuko dituela adierazi du Udalak. Behin kolunbarioa amaituta, pertsona interesdunek udaletxean egin beharko dute horiek erabiltzeko eskaera.

Hobetze lan gehiago hilerrian

Kolunbarioaren eraikitze lanak aprobetxatuz, Udalak hobekuntza lan gehiago egingo ditu hilerrian, esate baterako, goiko atea eta paretak txukundu, bertako eskailerak konponduko ditu eta aldi berean, baranda berriak jarriko ditu, irisgarritasuna hobetzeko.