Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna
Zumaiako Udalaren adierazpen instituzionala.
1975ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Hori mugarri garrantzitsua izan bazen ere, egun honen jatorria ez da ordukoa; XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako zenbait gertakaritan baitu oinarria. Hain zuzen ere, 1910ean, 17 herrialdetako 100 emakume baino gehiago bildu ziren Kopenhagen, eta Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko proposamena onartu zuten; horren haritik, lehenengo ospakizuna 1911ko martxoaren 16an egin zen. 1917an, emakume errusiarrak euren eskubideen alde manifestatu ziren; martxoaren 8an izan zen, egutegi gregoriotarraren arabera. Beraz, aurten Emakumeen Nazioarteko Egunaren mendeurrena ospatzen da, gizonekin erabateko berdintasunean bizitzearen aldeko eta gizarteko esparru guztietan parte hartzearen aldeko borroka hasi zeneko mendeurrena, alegia. Geroztik, mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek egindako lanari esker, eta gizarte eragile askok, botere publikoek eta, oro har, herritarrek apurka-apurka egin dituzten ekarpenei esker, aurrerapen esanguratsuak lortu dira gure gizartean, emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez. Hala ere, oraindik orain, desberdintasun handiak daude emakume eta gizonen eskubideak, boterea, baliabideak eta etekinak baliatu, garatu eta kontrolatzerako orduan. Gaur, beraz, berdintasuna lortzea egiteke dagoen lana da, eta bere konplexutasun osoan ekin behar zaio horri.
Jakitun gara, emakumeek gure gizarteko esparru soziokultural, politiko, ekonomiko eta bestelakoetan parte hartu eta erabakiak har ditzaten aukerak hobetu eta modu aktiboan babestu behar direla, beraz,
Adierazte dugu,
- Gizon eta emakumeen arteko harreman pertsonal eta sozialetan botere-oreka handiagorantz jo behar dugula.
- Gizarte honek emakume gehiago behar dituela erabakiguneetan, besteak beste, udal, diputazio, gobernu, unibertsitate, enpresa, sindikatu edo patronaletan. Horregatik guztiagatik Zumaiako Udalean,
Konpromisoa hartzen dugu,
- Emakumeen jabekuntza prozesuak babesteko. Jabekuntza emakumeen kontzientzia indibidual eta kolektiboa hartzeko bide gisa ulertuta, modu horretan aukera izan dezaten erabaki-prozesuetan, botere-guneetan eta eragiteko gaitasunean euren partaidetza handitzeko.
- Era berean, beharrezkoak diren balio-aldaketak babestuko ditugu, emakumeak oztoporik gabe sar daitezen gure gizarteko erabakimen-esparruetara.



