Martxoan ekingo dio "Memoriaren Tailerra" ekimenak
Aipatu ekimena udal gobernuak proposatu eta 2018ko aurrekontuetan jasotako programa berritzaileetako bat da eta helburu du adineko pertsonek memoria entrenatu eta lantzeko teknika edo ariketa ezberdinak lantzea. Tailerra martxoaren 19tik ekainaren 18ra bitartean egingo da eta interesdunek martxoaren 12a arte izango dute Brankan izena emateko aukera.
Pertsonak eta kasu honetan zumaiarrak izanik udal jardunaren lehentasun eta ardatz nagusia, herritarren bizi kalitatea hobetze aldera, 2018ra begira ekimen berritzaile ugari aurreikusi dira ongizate arloan, arreta berezia eskainiz Zumaiako adineko pertsonei.
Bide horretan, datorren martxoaren 19an jarriko da martxan udal gobernuak 2018ko aurrekontuetarako landu eta proposatutako “Memoriaren Tailerra”. Ekimen hori 65 urtetik gorako lagunei zuzenduta dago eta helburu du memoria entrenatu eta lantzeko teknika edo ariketa ezberdinak lantzea eta, bide batez, etorkizunean sor daitezkeen nahasmenei aurre hartu edo horiek atzeratzea.
Ondorengoak dira “Memoriaren Tailerra”ren helburu zehatzak:
-
Funtzio kognitiboan eragiten duten gaitasunak entrenatzea: arreta, oroimena, hizketa...
-
Komunikazioa eta taldeko kide izatearen sentimendua indartzea
-
Aisialdi sortzaile eta emankorra bultzatzea
Aipatu tailerra martxoaren 19tik ekainaren 18ra bitartean egingo da Eusebio Gurrutxagako Gizarte Zentroan (lehen solairuan), astelehenero, arratsaldeko 16:30etik 18:00etara. Izen ematea martxoaren 12a arte egin ahal izango da Brankako eraikinean eta matrikulak 18€ko kostua izango du. Taldea izen ematearen arabera osatuko da eta gehienez 15 lagunek parte hartu ahal izango dute.
Horrelako ekimenen bitartez Udalaren helburua da zumaiar ororen eta kasu honetan adineko pertsonen bizi kalitatea hobetu eta ongizatea bermatzea, horretarako haien behar zein eskaeretara egokitutako zerbitzu zein ekimenak eskainiz.



