Martxoaren 12ko sektore publikoko grebak eragina izango du Zumaiako udal zerbitzuetan ere
"Sektore publikoko lan-baldintzak eta zerbitzua benetan hobetzeko", ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek mobilizazioei berrekingo diete EAEn, eta beste greba egun batera deitu dituzte langileak martxoaren 12an. Greba deialdiak eragina izango du Zumaian ere, tartean Udalak eskaintzen dituen zerbitzutan.
Sindikatuotako ordezkariek esan dute "erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren", sektore publikoko egoera ez dela hobetu, kontrakoa, "lan-baldintzek okerrera egiten jarraitzen" dutela. Egoera horren aurrean, honakoak dira sindikatuen aldarrikapenak:
- % 10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa
- Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea
- Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8n kokatuz
- Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz
- Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea
- Administrazioak eta langileak euskalduntzeko planak adostea
- Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan-astearen norabidean ipintzea
EAEko langile publiko guztiak deitu dituzte grebara, eta deialdiak eragina izango du Zumaian ere, tartean Udalak eskaintzen dituen zerbitzutan. Udal zerbitzuetan ez ezik, grebak eragina izango du Zumaiako bestelako esparruetan ere: hezkuntza eremuan, osasun-arloan, edota garraio publikoan.