Martxoaren 26ko ohiko plenoa
Atzo (martxoak 26, osteguna) ohiko udalbatza egin zuten Zumaiako udaletxean. Hauek izan ziren gaiak eztabaidatu ondorengo bozketen emaitzak.
1- Otsailaren 16ko ezohiko plenoko eta otsailaren 26ko ohiko plenoko aktak onartu ziren.
2- San Telmo Arrabaleko xehetasun estudioari behin betiko onarpena eman zitzaion, aho batez.
3- Presazko izaeraz eztabaidatu eta onartu ziren, behin-behinean, garapen bidean dauden herrialdeetarako lankidetzako oinarriak. Beste batzuen artean, Zumaiako Daralhi Mendebaldeko Sahararen aldeko taldeari diru-laguntzak emateko oinarriak daude jasota hor, sortu zaizkien gastuak medio eta Saharara datorren astean egingo duten bidaiaren aurrean. Aurrena, presazko izaeraz aurkeztutako gaia eztabaidatu edo ez bozkatu zen: abstentzio bat (PSE-EE) eta 11 boto alde (EAJ-PNV, talde mistoa, EA eta EB-Aralar). Hortik, gaia eztabaidatzera pasa ziren eta ondoren bozketa izan zen: talde guztiek alde bozkatu ondoren, aho batez onartu ziren, behin behienean, garapen bidean dauden herrialdeetarako lankidetzako oinarriak.
4- Eskari eta galderen atalean, EAJ-PNVk etxez-etxeko laguntza, Eguneko Zentroa eta balio anitzeko apartamentuen esleipendun izan den enpresaren inguruko zenbait galdera egin zituen eta gaia eztabaidatu egin zen.



