Martxoaren 8a, ate joka
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira ekintza ugari antolatu ditu Zumaiako Udalak
Hilabete falta da Martxoaren 8an ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Egunerako, eta egun hori dela-eta Zumaiako Udala ari da lanean, eta prestatu duen egitaraua aurkeztu du. Egitaraua Berdintasun Sailak eta Kultura Sailak elkarlanean prestatu dute.
Karmele Gomez Berdintasun Saileko teknikariaren arabera, “egitarau zabala antolatu dugu. Emakumearen Eguna ospatzen den arren saiatu gara ekimenak emakumeentzat bakarrik izan ez daitezen”, azaldu du. Egitarau zabala, eta adin ezberdinetarako ekintzak antolatu ditu Berdintasun Sailak. Hala nola, Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai aktore gazteek Baginaren bakarrizketa antzezlanarekin emango zaio hasiera Emakumearen Nazioarteko Egunaren karietara antolatutako ekintzei. “Haurrentzako ipuin kontaketa ere izango dugu eta azken egunean Miren Fernandez abeslari zarauztarra etorriko da herrira”, azaldu du Gomezek.
Ikuskizunez gain, tailerra ere antolatu da. Ikastaroa IsabelBernalek emango du martxoaren 7tik 10erako astean: “Isabel Malagakoa (Espainia) da, eta ikastaroa gazteleraz izango da. Emakumetasuna bizitzeko ohiko modua (biktima/objetu) zalantzan jarri eta transformatzen laguntzen digu, emakumeen ahalduntzea estimulatzen duelako”, azaldu du. Isabel Bernalek gai horri lotuta, ikastaro asko ematen ditu, eta Gomezen hitzetan, “guretzako garrantzitsua izan da Zumaiara ekartze”. Ildo beretik, ‘Zaindu maite duzun hori: zaintzan/zaintzak’ hitzaldi-tailerra ere antolatu da. Edurne Mendizabal sexologoak gidatuko du saio hori, eta norbere rola eta nortasuna indartzeko tratu onak zein diren azalduko du.
Horretaz guztiaz gain, ‘Nagore’ dokumentala ere proiektatuko da martxoaren 8an, 18:30ean. Helena Tabernaren dokumental horretan Nagore Laffageren gazte irundarraren heriotza bortitzaren inguruan gertatutako guztiaren berri ematen du.
Lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna
Martxoaren 8ko kartel lehiaketa, urtarrilaren erdi aldean abiatu zen, eta, dagoeneko, lanak aurkezteko azken eguna iritsi da. Gaur, otsailak 9, izango da kartel lehiaketan parte hartzeko azken eguna. Lanak Forondan aurkeztu behar dira.
EGITARAUA
Martxoak 4: Baginaren bakarrizketak. 22:00etan Aita Mari aretoan.
Martxoak 8: Nagore dokumentala. 18:30tan Aita Marin. Ondoren, kontzentrazioa Magnoliopean.
Martxoak 9: Zaindu maite duzun hori: zaintzak/zaintzan hitzaldi-tailerra 18:30tan Forondan, Edurne Mendizabal sexologoa izango da saio honen gidaria.
Martxoak 10: Haurrentzat ipuin kontalaria, 17:30tan Forondako haur liburutegian.
Martxoaren 7tik 10era: 9:00tatik 12:00tara, Jabetze ikastaroa emakumeentzat Hogarren.
Martxoak 11: 22:00tan, Miren Fernandez abeslariaren kontzertua, Aita Mari aretoan.



