Martxoaren 8aren bueltan feminismoa aldarrikatu eta gozatzeko ekitaldi ugari izango da Zumaian
Mugimendu Feministak deituta, manifestazioa izango da igandean, 12:30ean. Udalak bat egin du deialdiarekin. Martxoaren 8an ez ezik, gainerako egunetan ere izango da feminismoa aldarrikatu eta feminismoaz gozatzeko aukerarik herrian.
Emakumeen Nazioarteko Eguna da igandea, Martxoaren 8a. Egun horretan bakarrik ez, hilabete osoan izango da feminismoa aldarrikatu eta feminismoaz gozatzeko aukera, Mugimendu Feministak nahiz Emakumeon* Etxeak prestaturiko egitarauari esker.
Martxoaren 8an bertan, gainera, manifestazioa izango da: protesta 12:30ean hasiko da Beheko plazatik, Mugimendu Feministak deituta. Udala ere batu da deialdira. Mobilizazioaz gain, Mugimendu Feministako taldeen arteko kolokioa nahiz marianitada pintxada ere izango dira egun horretan.
Beste hainbat ekitaldi ere izango dira egunaren bueltan. Hona hemen hitzorduak:
- Martxoak 5, osteguna: Kaixo Karis emanaldi literario musikala, Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren eskutik, 18:30ean Emakumeon* Etxean.
- Martxoak 6, ostirala: Bollobertsoafaria gaztetxean, Maddi Aiestaran eta Haizea Aranarekin, 21:00etan.
- Martxoak 8, igandea:
- 10:00. Zumaiako Mugimendu Feministako taldeen arteko kolokioa.
- 12:30. Manifestazioa Beheko plazatik.
- Ondoren, marianita pintxada kofradian.
- Martxoak 10, asteartea: Gregoria bakarrizketa, Beatriz Egizabalen eskutik, 18:30ean Emakumeon* Etxean.
- Martxoak 30, astelehena: Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana. Liburu aurkezpena Onintza Enbeitaren eskutik, 18:30ean, Emakumeon* Etxean.
Horretaz gain, Zumaiako Udalak dei egiten die herritarrei bat egin dezaten Emakumeen Nazioarteko Egunean Mugimendu Feministak herrian antolatu dituen ekimen eta mobilizazioak babestu eta deialdi horietan parte hartzera.



