Merkataritza Astea abian da
Aste osoan ekintza ezberdinak egingo dituzte Zumaiako merkatari eta ostalaritza elkarteak eta Zumartian plataformak antolatutako Merkataritza Aste honetan.
Zumaiako merkatari eta ostalaritza elkarteak eta Zumartian plataformak lehen aldiz antolatu dute Merkataritza Astea. Ekimen honen bidez herria bizitu eta ostalaritza eta merkataritza sustatu nahi dituzte. Horrela atzotik ostirala bitartean 3.000 euro oparituko dituzte Zumaiako dendetan banatzen ari diren sari-txartelen bidez.
Ostegunean, hilak 23, pintxo-poteo egunean koadrilako argazki bat atera eta Facebook-era igotzen dutenen artean 100 euroko Zumartian txekea zozkatuko dute, 25ean, larunbatean gastatzeko. Egun horretan bertan, Vitoriano Arraten, 15:00etatik 21:00ak arte puzgarriak ere izango dira. Ostiral arratsaldean, Jon Urbieta izango da Erribera kalea bere diskotekarekin alaitzen.
Egun handia, berriz, larunbatean izango da. egun guztian Braderie bat egingo da, besteak beste. Hau da, dendek kalera aterako dituzte saltokiak. Horretaz gain, 500 euroko bi txartel zozkatuko dituzte, eta irabazleek bi ordu izango dituzte 500 euroko txartela gastatzeko. Erosketa lasterketaren irteera 11:00etan egingo da Moilaberriko zubitik. Lasterketa parte hartzeko zozketan izena emateko aukera elkarteko dendetan dago, eta nahi duenak ostiralera arte izango du bertan apuntatzeko aukera. Zozketa 24an 20:00etan Turismo Bulegoan egingo da.



