Merkatu nitxo berrien proiektua, eskualdean enplegua sortzeko

2015/03/02

Hiru sektore aztertu ditu Udal Elkarteak proiektu honetan, enplegu berriak identifikatzeko. Datozen asteotan sektore horietako enpresa eta eragileekin bilerak egingo ditu. Lehena martxoaren 9an, turismoaren sektorearekin.

 

Urola Kostako Udal Elkartea prospekzio azterketa bat egiten ari da "enplegu gune" berriak identifikatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako (Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Departamentua) "Enplegua sustatzeko tokian tokiko dinamizazio endogenorako" programaren baitan.

Proiektuaren helburu da eskualdean lanpostu berriak sortzeko gaitasuna izan dezaketen enplegu gune berriak detektatzea. Proiektu honen bidez, modu proaktiboan identifikatu nahi dira izaera berritzailea duten enplegu gune berriak, ekonomia, gizarte eta ingurumen arloako erronketan eragina izango dutenak.

Horretarako, proiektuan 3 sektore estrategiko horien beharrak aztertuko dira, hala nola: turismo eta zerbitzuen sektorea, ingurumen sektorea eta hirugarren adineko kolektiboaren sektorea. Sektore horien azterketa egingo da etorkizuneko joerak eta arrakasta izan duten kasuak identifikatzeko.

Aipatutako azterketa horretatik abiatuta, aditu eta eragile klabeen partaidetzarekin, ekonomikoki nahiz enpleguaren ikuspegitik bideragarriak diren proiektu konkretuak identifikatuko dira.

Une honetan, diagnostikoaren fasea amaitzear dago. Fase honetan turismo eta zerbitzuen sektorea, ingurumeneko sektorea eta hirugarren adineko kolektiboek osatzen dituzten azpi-sektoreak dimentsionatu dira eta etorkizuneko joera berriak eta arrakasta kasuak identifikatu dira.

Orain sektore horietako enpresa eta eragileekin elkartzeko unea da, proiektua aurkeztu, egindako diagnostikoa kontrastatu eta identifikatutako joera eta aukerak aztertzeko.

Turismo sektoreko enpresen jardunaldia

Eguna: martxoak 9, 11:00etan

Lekua: Zarautzen, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan

Informazioa eta izen-ematea

Prospekzio Zerbitzua, Idoia Etxarri

prospekzioa@urolakosta.org

 

943890808