MERKE AZOKA EGINGO DA ZUMAIAN ASTEBURUAN

2017/03/08

Merkatari elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatutako outlet merkatua Amaiako plazan egingo da martxoaren 11 eta 12an.

Datorren asteburuan Amaiako plaza milaka deskontuz jositako azoka bilakatuko da zumaiarrentzat. Bertan Zumaia Elkarteko dendek euren produktuak jarriko dituzte salgai %70 bitarteko deskontuekin. Asteburua beraz, dudarik gabe, erosketak egiteko aukera bikaina izango da herritarrentzat.

Azoka berezi hori larunbat zein igandean egingo da, goizeko 11:00etatik arratsadeko 19:00ak arte. Egunean zehar Djonen emanaldiak ere izango dira herritar guztiak animatzeko.

Merke azoka Udalak eta merkatari elkarteak antolatu dute elkarlanean, tokiko merkataritza indartu eta bultzatzeko xedez. Udalak herritar guztiak animatzen ditu azoka berezi horretan parte hartu eta bertako produktuez gozatzera.