Migratzaileen Nazioarteko Egunean, askotariko jatorria duten zumaiarren arteko mahai-ingurua egingo da
18:30etik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan jatorri desberdinetako zumaiarrek beren esperientzia kontatuko dute.
Aniztasun topaketak izan dira aste osoan Zumaian. Astotariko identitate, jatorri eta kultura dun zumaiarrak elkartzeko eta saretzeko prozesuaren baitan antolatu dira topaketa horiek, eta gaur, aniztasun horren parte direnetako batzuk migratzaile gisa izan duten esperientzia elkarbanatuko dute. Mahai-ingurua, 18:30ean, Alondegiko Oxford aretoan izango da.
'Migrazio bizipenak: Zumaian, bizi garen 53 kulturei buruz, zer ezagutzen dugu? Badugu zertaz hitz egin!' izenburupean egingo da, eta Zumaiara bizitzera etorritako hainbat herrialdetako zumaiarrek hartuko dute parte, eta aukera izango da beren migrazio bizipenak ezagutzeko: zerk bultzatuta etorri diren zumaiara, nola sentitu diren, norekin duten harremana…
Mahai-inguruari eta topaketei bukaera emateko arabiar janari eta edaria dastatzeko aukera izango da.



