Mikel Zubeldia Etxeberriak irabazi du aurtengo Julene Azpeitia saria
Abenduaren 2an, euskararen egunaren bezperan izango da sari banaketa, Aita Mari aretoan 19:00etan. Ondoren 'Euskarazetamol' antzezlana izango da.
Zumaiako Udalak antolatu zuen Julene Azpeitia XXIII. ipuin lehiaketa aurtengorako. Eta Imanol Azkue, Uxue Alberdi eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak Mikel Zubeldiaren Salomon Weingarte ipuina izan dela aurtengo onena erabaki du. Sari banaketa abenduaren 2an 19:00etan egingo dute Aita Mari aretoan.
Lehen saria, Kutxak emandako 3.000 euroko saria, Mikel Zubeldia Etxeberriak idatzitako Salomon Weingarten ipuinarentzat izan da. Ipuin honetan galerna baten erdian itsasertza erdietsi nahian dabilen gizonaren gorabeherak kontatzen dira. Epaimahaikideen iritziz ipuinak harrapatu egiten du irakurlea, edukia baino gehiago da nola kontatzen den, nola eramaten duen irakurlea amaierara. Erritmo intentsua du deskribapen onak, kolore askoko paisaiak ageri dira bertan eta olatuz olatu, bulkadatan iristen da berezko bukaera.
Bigarren saria, hori ere Kutxak emandako 1.500 euroko saria, Inaxio Lopez de Aranarentzat izan da Atxitxaren (h)ilobia izeneko lanarengatik. Gaurkotasun handia du ipuin honek. Protagonistak familia biologikoa baztertu du eta beste batekin ordeztu du. Historiak ekarria dauka hausnarketara egiten duen gonbidapenagatik. Istorio ausarta da, samurra baina une gordinak baztertu gabe.
Azkenik, Zumaiako onenaren saria, Zumaiako Udalak emandako 1.000 euroko saria, Asier Arakistainen Ahotsak lanarentzat izan da. Zumaian gertatzen den istorioa da, Ahotsak proiektutik ateratako pasarte bat du abiapuntu eta hortik aurrera eguneroko gertaerak literaturara ekartzen ditu zorroztasunez. Erritmoa eta tonua oso ondo mantentzen ditu amaiera harrigarrira iritsi arte.
Aurten, 20 ipuin aurkeztu dira, eta horietatik lau zumaiarrek idatzi dituzte.
Sari banaketa
Sari banaketa abenduaren 2an izango da, euskararen egunaren bezperan, Aita Mari aretoan arratsaldeko zazpietan, ondoren, Euskarazetamol antzezlana eskainiko da, Patxo Telleria eta Mikel Martinezen eskutik.



