Mikropreben programaren bidez, prebentzio planak egin dituzte hainbat enpresek
Merkataritza sektoreko 8 enpresek iazko azarotik apirilera bitartean landu dituzte beren prebentzio planak programa horren bidez
Eskualdeko ostalaritza eta elikagai arloko merkataritza sektoreko 8 enpresek lan arriskuak prebenitzeko plana landu dute MIKROPREBEN programaren laguntzarekin. Azaroan hasi ziren lanean eta, orain, apirilean, amaitu dituzte prebentzio-planak.
Joan den apirilaren 22an, Udal Elkartearen egoitzan egindako ekitaldian programaren 3. edizioari amaiera eman zitzaion. Ekitaldi horretan Alvaro Abancensek, OSALANgo Gipuzkoako arduradunak, parte hartu zuen. Osalaneko ordezkariak enpresek egindako ahalegina kontuan hartu eta lan arriskuen prebentzioa eguneroko enpresaren jardueran barneratzearen garrantzia azpimarratu zuen. Horrekin batera, ekitaldian edizio honetan parte hartu duten 8 enpresek prestakuntzaren ziurtagiria jaso zuten.
Mikropreben programa
Programa horren helburua da eskualdeko mikroenpresetan (10 langile edo gutxiago dituzten enpresetan) lan-arriskuen prebentzioa kudeatzea eta prebentzio-planak egin eta ezartzea.
Programa horretan parte hartzen duten enpresei, batetik, lan arriskuen arloko prestakuntza ematen zaie eta, bestetik, aholkularitza eta laguntza beren enpresako prebentzio-plan zehatza egiteko.
2010. urtean hasitako programa da eta, geroztik, 3 edizio jarri ditugu martxan eta zerbitzuen sektoreko (ile-apaindegi, estetika zentro, dendak, jatetxeak,…) 23 enpresa eta 24 pertsonak hartu dute parte.
Ekimen hau Valora europar programaren bidez finantzaturik dago (Europako Gizarte Fondoa).
Zergatik MikroPreben programa?
Eskualdean zerbitzuen sektorean lan-istripuen kopurua industria-sektorekoa bezain handia zela ikusita (%40,33 industrian eta %38,52 zerbitzuetan), Urola Kostako Udal Elkarteak 2008-2009an diagnostiko bat egitea erabaki zuen, zerbitzuen sektoreko 10 langiletik beherako enpresetan lan arriskuen prebentzioaren gaia zer eta nola kudeatzen zen jakiteko. Diagnostikoak erakutsi zuen enpresa gehienek ez zutela gai hori lantzen eta ez zutela prebentzio-planik. Hori ikusita, 2010ean MIKROPREBEN programa jarri zuen martxan Udal Elkarteak.
Materiala euskaraz ere garatu dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, enpresek aukera izan dezaten prebentzio-plana euskaraz lantzeko eta idazteko.



