'Mintzakide' izateko deia herritarrei
Zumaiako Udalak eta AEK-k euskara praktikatu nahi duten guztiak animatu nahi ditu Mintzalagun egitasmoan parte hartzera. Mintzalagun izateko matrikulazio kanpaina otsailaren 5era arte egongo da zabalik.
Mintzalagun egitasmoak kanpaina berria abian jarri du herritarrei zuzenduta. Zumaiako Udalak eta AEK-k euskara praktikatu nahi duten guztiak animatu nahi ditu Mintzalagun egitasmoan parte hartzera, euskara barneratzeko prozesua areagotzeaz gain, ondo pasatu eta bestelako jendea ezagutzea ahalbidetzen duelako.
Hori horrela, urte berriaren hasierarekin batera, herritarrei mintzakide izateko deia luzatu diete bi eragileek. Mintzalagun izateko matrikulazio-kanpaina otsailaren 5era arte egongo da zabalik eta egitasmoaren partaide izan nahi dutenek Urola Kostako AEKaren euskaltegietan edo Zarauzko Udal Euskaltegian eman dezakete izena. E-mailez berriz, ondorengo helbidean apuntatu daitezke interesatuak: urolakosta@aek.org.
50 lagunetik gora eskualdean
2009ko abiatu zen Mintzalagun egitasmo gure eskualdean eta helburu hauekin hasi zen lanean: Norberaren euskara maila hobetzea eta ikas prozesua azkartzea eta herrian euskarazko harreman sareak sortzea. Ordutik, eskualde osoan 16 talde jarri dira martxan, eta guztira 50 lagunetik gora hartu dute parte proiektu honetan. Mintzalaguneko antolatzaileak oso gustura daude izandako emaitzarekin eta hurrengo urtean ere bide beretik jarraitzeko borondatea erakutsi dute.
Zumaian, 2 talde daude martxan, talde bakoitza hiru kidez osatua. Taldea hauek, kafea hartu, paseatu edota poteatzeko geratzen dira. Bi taldeetan giro ederra dago eta oso gustura dabiltza, gainera beraien esanetan asko ikasten dute. Antolatzaieek azaldu dutenez, “ea aurten beste talde bat sortzea lortzen dugun!, baina, horretarako euskara ikasten ari diren edota euskara praktikatu nahi dutenen parte hartzea beharrezkoa dugu”.



