'Mintzalagun Urola Kostan' programa berriro martxan da
Urrriaren 15era arteko epea izango dute euskaldun zahar naiz berriek egitasmoan apuntatzeko. 'Gurasoak Mintzalagun' programa ere abian jarri dute dagoeneko eta urria amaieran hasiko dira taldeak elkartzen.
Mintzalagun ekimenak euskaraz dakiten pertsonak euskara ikasten ari direnekin elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. “Iaz 60 bat parte-hartzaile izan genituen Urola Kosta osoan eta aurten ere kopuru horri eutsi eta, ahal bada, handitu egin nahi genuke” azaldu dute Urola Kostako Euskara Zerbitzutik.
Helburu hori lortzeko, euskaldun berri zein zaharren laguntza ezinbestekoa da:
o Euskaldun berriak: euskara ikasten ari bazara eta mintzamena landu nahi baduzu, jendea ezagutu, bertako euskaldunen euskara ikasi... eman izena!
o Euskaldun zaharrak: euskaldun berriei lagundu nahi badiezu, jendea ezagutu, euskara ikasi duen jendearen ahalegina saritu... eman izena!
Izen-ematea: noiz eta non
Izena emateko epea irailaren 27tik urriaren 15era izango da. Izena emateko 3 bide dituzu: Urola Kostako AEK euskaltegietan eta Zarauzko Udal Euskaltegian; Telefonoz: 9431 13 01 75; edota emailez: urolakosta@aek.org. Taldeak 3 edo 4 lagunekoak izango dira eta urria amaieran hasiko dira elkartzen. Taldeak eratzeko kontuan hartuko dira bakoitzak hautatutako egutegia (egun eta orduak) eta zaletasunak.
'Gurasoak Mintzalagun' programa ere abian da
Mintzalagun egitasmoaren barruan, iazko udaberrian abiatu zuten Gurasoak Mintzalagun proiektua. Gurasoak Mintzalagun eskoletako haurren gurasoei zuzenduta dago eta haurrak eskolan dauden bitartean edota eskolatik irteten direnean euskaraz hitz egiteko guraso taldeak osatzea da helburua.
“Hasierako probako saioan eskualdeko 4 eskolek hartu zuten parte, baina, iazko harrera ona ikusita, ikasturte honetan eskualdeko eskola guztietara zabalduko dugu proiektua (Aia, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaia)” diote Udal Elkartetik.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe hauek parte hartzen dute proietuan: Aiako Lardizabal Herri Eskola; Getariako Iturzaeta Herri Eskola; Orioko Zaragueta Herri Eskola eta Orioko Herri Ikastola; Zarauzko Antoniano Ikastetxea, Salbatore Mitxelena Ikastola, La Salle Ikastetxea eta Orokieta Herri Eskola; eta Zumaiako Maria ta Jose Ikastetxea eta Zumaiako Herri Eskola.
Gurasoek eskoletako haurren bidez jasoko dute informazioa eta informazioarekin batera baita izena emateko fitxa ere. Parte hartu nahi duten gurasoek, fitxa hori ikastetxeko idazkaritzan entregatu behar dute.
“Guraso guztiak animatu nahi zaituztegu euskararen aldeko urrats txiki hau egitera, euskaldun zaharren eta euskara ikasten ari direnen laguntza beharko dugu proiektu hau aurrera ateratzeko, beraz, animatu!”.
Izen-ematea
Programa honetan izena emateko epea zabalik egongo da urriaren 7tik 22ra bitartean. Izena emateko fitxa bete eta zure ikastetxeko idazkaritzan utzi behar duzu. Kasu honetan ere, taldeak urria amaieran hasiko dira martxan.



