Moilaberriko geltoki zaharraren eraikina erosi egingo du Udalak

2010/03/03

Erabilera oraindik zehaztu gabe dagoen arren, funtzio publikorako izango denaren zalantzarik ez dauka udal gobernuak. Eraikina 355.000 eurotan erosiko dio Udalak Eusko Jaurlaritzari.

 

Moilaberriko tren geltoki ohiaren eraikinak Zumaiako anbulatorio zerbitzua eskaini izan du hainbat urtean. Osasun zentro berria abian jarri zenean, ordea, hutsik geratu zen azpiegitura hau. Orain, Udalak erosi egingo du, “eraikina herritarren beharretara egokitu eta berriro ateak zabaltzeko”.

Eusko Jaurlaritzarena da oraindaino eraikina, baina Udala dagoeneko iritsi da Jaurlaritzaren Ondare eta Kontratazio Sailarekin akordio batetara. Andoni Etxaniz hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “adostasunera iritsi gara Eusko Jaurlaritza eta Udala eta horren arabera, salneurri “berezian” salduko dio Gasteizko gobernuak eraikina tokiko administrazioari”. Hala, 355.000 eurotan erosiko du Udalak eta hamar urtean, interesik gabe, ordaintzeko aukera izango du.

“Kulturalki eta historikoki katalogatutako eraikina da eta erabilera publikorako egokitzea da orain gure asmoa”, azaldu du Etxanizek. Herritarrek parte hartu duten hainbat foro eta guneetan zenbait proposamen eta behar jaso izan ditugu, baita espresuki eraikin honi lotutakoak ere”. Horiek kontuan hartu eta beste zenbait azterketa egin ondoren erabakiko du Udalak eraikinari emango dion erabilpena zein izango den. Oraingoz ugariak dira hipotesiak udal gobernuko ordezkarien arabera: “turismo bulegoa izan daiteke, kirol azpiegituren gunea, euskararen etxea…”.

Inguruko urbanizazio lanak

Horrekin batera, Hirigintza zinegotziak gogora ekarri nahi izan ditu eraikin honen inguruan aurten egingo dituzte urbanizazio lanak. Izan ere, Txomin Agirre eta Mendaro Marinela kaleetan urbanizatze egitasmo berria bultzatuko du Udalak. Horrekin batera, irisgarritasun irizpideetara egokituko da moilaberriko zubia eta tren geltoki zaharraren aurreko plazatxoa ere urbanizatu eta egokitu egingo da. “Eraikinari ere sarbidea hobetuko diogu exekuzio horren baitan, ezabatu egingo baitira atarian dituen eskailerak”, esan du Etxanizek. Aurten hasi eta bukatuko ditu Udalak urbanizazio lan horiek.