Moilaberriko zubia egokitzen hasi dira gaur
Gaurtik abuztuaren erdi aldera arte iraungo dute lanek, bitartean, zubia ez da itxiko baina pasabidea estutuko da.
Gaur hasi dira Moilaberriko zubiko arazoei irtenbidea emateko obrak. Zubia berritu zenetik, Zumaiako Udalak hainbat kezka eta kexa jaso ditu zubiaren inguruan, eta hainbat lan egitea erabaki da. Lan horiek, zubia berritu zuen enpresak egingo ditu, obrak oraindik bermepean baitira. Lanak, gaur bertan hasi dira, eta abuztuaren erdi alderako bukatuta egotea aurreikusten da. Lanek dirauten bitartean zubia ez da itxiko, baina pasabidea estutu egingo da zenbait tokitan.
Gorka Arregi udal arkitektoak azaldu duenez, “zubian bi arazo nagusi sortu dira, eta horiei irtenbidea emango diogu orain egindako lanekin. Arazo gehienak zubiaren arranpetan edo sarbideetan izan dira. Alde batetik, hezetasun pixka bateko egunetan lurzorua labainkorra bihurtzen da, eta produktu ezberdinekin irtenbidea ematen saiatu gara oraindaino. Beste aldetik, ordea, arranpetako egurra altxatzen hasi da, ez dakigu zergatik, baina egurra altxa eta koskak sortu dira, agian egurra ez da egokiena”. Hori ikusita, egurra kendu eta arranpak hormigoiarekin egokitzea erabaki du Udalak.
Hala ere, ez dira horiek zubian sortzen diren hausketa guztiak: “Zubian bertan, ez da arazo gehiegirik sortu izan. Leku puntualetan, eta egun puntualetan egurrak hautsita agertu izan dira, baina hori ez da izan zubiaren akatsengatik, haustura horiek bandalismo ekintzen ondorio izan dira”, azaldu du arkitektoak.
Pasatu den asteburuan, adibidez, Mendaro Marinela kaletik zubira igotzeko dauden eskaileretako egurra errotik atera zuten, zati batean. Zumaiako Udal Gobernuak jakinarazi nahi du txikizio horien konponketa udaletxeak ordaindu behar izaten dituela, herriko beste kalte guztiak bezala. Herritarrei zentzuz jokatzeko eskatu eta herria guztion artean zaintzea guztion lana dela ere gogorarazi nahi du Udal Gobernuak.



