Moilaberriko zubia gaur bertan itxiko dute

2010/09/20

Oinezkoen zubi txikia irisgarritasun irizpideetara egokitzea izango da exekuzio honen helburua.

 

Txomin Agirre eta Mendaro Marinelako urbanizazio lanak martxa onean doaz eta orain, moilaberriko oinezkoen zubiko eraberritze lanekin hastear dira langileak. Dena ondo bidean, gaur (astelehena) bertan itxiko dute pasabidea. Moilaberriko zubia irisgarritasun irizpideetara egokitzea izango da exekuzio honen helburua eta Txomin Agirre eta Mendaro Marinela kaleen berrurbanizazio proiektuaren baitan garatuko da. Oinezkoen zubia itxita egongo den denboran, oinezkoek zubitxikitik gurutzatu beharko dute errioa.

Hainbat lan inguruetan

Udan hasi zituzten lanak eta bost hilabeteko epean obra amaituta izatea espero da.  Izan ere, zubiaren eraberritzearekin batera, urbanizazio proiektu honen baitan hainbat lan egingo ditu Udalak, Txomin Agirre kaian eta Mendaro Marinela kalean. Urbanizatu egingo dira Txomin Agirre kaia eta Mendaro Marinela kalea. Horrekin batera, Txomin Agirre kaleko ordenazioa aldatu egingo da, eta bidegorri berria egokituko da Mendaro Marinelan.