Moilaberriko zubia irekita dago
Irailetik itxita izan da zubia, irisgarritasun irizpideetara egokitu dute obra horien bidez.
Abenduaren 24an ireki zen irailaren 20tik itxita zen Moilaberriko zubia. Zubiarekin batera Txomin Agirre kaia eta Mendaro Marinela kalea berrurbanizatzeko lanak ere bukatu eta inauguratu dituzte. Obra guzti horiekin, inguru hori guztia irisgarritasun irizpideetara egokitu da, eta inguru horretan ibiltzea gaur egun errazagoa da.
Obrak udan hasi ziren, eta irailaren 20an itxi zuten Moilaberriko zubia. Ordutik zumaiarrek zubitxikia erabili behar izan dute errioa zeharkatzeko.
Obren bidez, zubiaren malda leundu da, eta zubirako arranpak zabaldu dira. Txomin Agirre kaian berrantolaketa egin zen, horrela aparkalekuak, bidegorria eta oinezkoen pasealekuak berritu ziren. Mendaro Marinela kalean, berriz, bidegorria egin da.



