Moilaberriko zubiaren egitura berria muntatzen ari dira dagoeneko

2010/10/25

Sarreretako maldak egokitu dituzte jada, eta aurki egurrez forratuko dute zorua.

 

Txomin Agirre eta Mendaro Marinelako urbanizazio proiektuaren lanak martxa onean doaz eta dagoeneko ari dira moilaberriko zubiaren egitura berria muntatzen. Zubirako sarbide diren maldak ere egokitu dituzte jada, eta aurki egurrez forratuko dute zubiaren zein malden zorua.

Tren geltoki zaharraren aurreko plazatxoa ere urbanizatzen ari dira. Plazako zoladurarekin ari dira eta Mendaro Marinela eta Txomin Agirreko argiteriarako euskarriak ere jarri dituzte dagoeneko. Udaleko teknikariek azaldu dutenez, Tren geltokiaren aurreko haritza, Gernikako arbolaren umeetako bat, plazako urbanizazioan integratuko da.

Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak dio obra guztien antzera, exekuzio honek ere "zenbait eragozpen" sortu eta sortuko dituela obrak irauten duen bitartean. "Baina pixkanaka eremuak zabaltzen eta egokitzen ari gara, eta eragozpen horiek fruituak ematen ari dira. Laister gune atsegin, ireki eta irisgarri bat izango dugu eremu honetan eta oinezko eta bizikletei bide berriak irekiko zaizkie", gaineratu du.

Urtea amaitu baino lehen bukatu behar

Udaleko teknikarien arabera, lanak bide onetik doaz, eta jarritako epeak betetzen ari dira. Obra urtea bukatu baino lehen amaitu beharko da lanen finantzaketa bermatu ahal izateko.